Informazio, administrazio eta kudeaketa elektronikoko zerbitzuak elkarri eskaintzeko hitzarmena sinatu dute Hernaniko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, lau urtetarako, eta administrazioetarako batere kosturik gabe.
Honi esker, on line zerbitzuen eskaintza hobetuko dute; informazioa, datuak eta zerbitzu elektronikoak partekatuko dituzte, eta paperezko ziurtagirien eta gainerako agirien ordez, datu transmisio elektronikoak erabiliko dira.
Herritarrentzako onurak
Hitzarmen honi esker, «herritarrei eskainitako zerbitzua hobetuko» dela azaldu du Udalak. Izan ere, herritarrek ez dute ibili beharko erakunde batetik bestera, batean emandako agiriak bestean aurkezteko. Era berean, prozedura administratiboetan aurkeztu beharreko agiri kopurua gutxituko da.
Administrazioek, berriz, paper gutxiago erabili beharko dute, hauek gordetzeko espazio gutxiago beharko dute, eta zerbitzua hobetuko dute.