Erakustaldi ederra berreskuratuko dute bihar, Fagollagan. Izan ere, trialsineko espezialista onenetakoak egongo dira bertan, bizikleta gainean daukaten abilezia erakusteko asmoz. 19garren edizioa izango du Fagollagako trialsin erakustaldiak, nahiz eta azkeneko bi urteotan ez den egin, laguntza ekonomikoen falta tarteko. Goizeko 10:30etan hasiko da.
Ion Areitio, munduko laugarrena, bertan
Baina modurik onenean berreskuratu dute proba, eta maila haundiko espezialistak ikusteko aukera izango dute ereñotzuarrek, eta bertara animatzen diren guztiek. Tartean izango da Ion Areitio hondarribitarra ere, munduko espezialista onenetakoa bera. Ezagun dute bere abilezia Ereñotzun, aurreko edizioetan ere, bertan izan baitzen. Eta egon bakarrik ez, bera izan zen onena azkeneko bietan. 2013koan, gainera, Benito Ros menderatuta.
Aurten, munduko rankinean laugarren dago Areitio, aurreko asteburuan Kataluniako Kopan nagusitu ondoren. Orain bi urte, 2014an, munduko hirugarren bukatu zuen, eta 2013an bigarren. Gainera, junior mailan munduko txapeldun izandakoa ere bada.
Sei gune, zirkuituak
Aurreko edizioetan bezala, oztopo desberdinak prestatuko dituzte Fagollagan, zuhaitz eta harri tartean. Zirkuitu bat osatu dute, parte hartzaile guztiek egin beharko dutena, eta sei gune desberdin izango ditu zirkuitu horrek.
Probatzeko aukera, baita haurrek ere
Espezialista onenen erakustaldia bakarrik ez, zirkuitua probatzeko aukera ere izango da Fagollagan. Gainera, zati batzuk haur eta gaztetxoek egiteko modukoak izango dira; gurasoekin joan, eta guneren bat gustatuz gero, probatzeko aukera izango dute.
Bizikletak eta kaskoak utziko dituzte
Materialarengatik ere, kezkatu beharrik ez dute izango. Bizikletak eta kaskoak ere, utziko dizkiete bertan, trialsinean trebatzera animatzen direnei.