Aste honetan ospatu da Pobrezia Energetikoaren aurkako eguna Europa osoan. Hori eta eguraldi txarra gurera bueltatu dela aitzakitzat hartuta, Astigarragako PSE-EE Udal Taldeak mozioa aurkeztuko du Udaleko datorren Plenoan eztabaidatzeko asmoz.
Mikel Duran PSE-EEko Astigarragako bozeramaileak prentsa-ohar bitartez esan duenez: «Mozioaren helburua da etxebizitza guztietan energia-hornikuntza bermatzea, energia-mozketak saihesteko eta familia guztiak duintasunez bizitzea lortzeko».
Udalari eskatu dio «konpainia elektrikoekin akordioak lortzeko».
Horregatik, Udal Gobernuari eskatu dio «pobrezia energetikoaren aurkako Plan bat egiteko eta konpainia elektrikoekin akordioak lortzeko, pobrezia elektrikoa jasaten duten pertsonei hornikuntza elektrikoa moztu ez diezaieten».
Izan ere, Duranek dioenez, «jende asko dago kalefazioa eta argia piztu ezin duena edota arazoa larriak dituena fakturak ordaintzeko; eta oinarrizko zerbitzu energetikoak gabe biziraun behar du». Horrez gain, Plenoari eskatu dio Eusko Legebiltzarrak 2015eko martxoaren 26an hartu zuen erabakia berrestea, eta partida berezi bat aurreikustea pobrezia energetikoa jasan bai, baina Emergentzia Sozialak laguntzen ez dien haientzat.
Bozeramaileen batzordean aztertuko da gaia, astelehenean.
Mozioa, bozeramaile batzordera
Hau izango da asteleheneko bozeramaileen batzordeak eztabaidatuko duen gaietako bat, EH Bilduren 5 mozioekin batera. 11:00etan bilduko dira, alkatetzan.