ETERNAL Running Invencible Munduko zirkuituak Gipuzkoan egingo du geldialdia aurreneko aldiz. Hain zuzen, Astigarragan egingo da maiatzaren 29an, goizeko 11:00etan hasita.
Zirkuituko partehartzaileek 10 kilometroko ibilbide sekretua egin behar izango dute helmugara iristeko, baina, ibilbidean zehar, 80 oztopo pasa beharko dituzte.
«Astigarragak sekula izan duen ekitaldi jendetsuena»
Astigarragako Udal Gobernuak prentsa-ohar bitartez jakinarazi du «ilusio haundiz» hartu duela «Astigarragak sekula izan duen ekitaldi jendetsuena antolatzeko aukera». Izan ere, iaz Galdakaon antolatu zuten Eternal Running-a, eta diotenez «Galdakaori ekarpen ekonomiko nabarmena egin zion, batez ere, ostalaritza eta merkataritza sektoreei».
Udal Gobernuaren konpromezuarekin bat
Jesus Mari Santos alkatearen hitzetan, Udal Gobernuaren konpromezuekin bat dator kirol proba hau: «kirol eta kultur jarduerak sustatzeko konpromisoa dugu eta, aldi berean, herriari bultzada ekonomikoa ematen badiogu, askoz hobeto». Horrez gain Santosek aukera ikusten du «etortzen direnei gure herriaren izaera ezagutarazteko».
Guztientzako festa
Festa giroa aprobetxatuz, herri bazkaria egingo da probaren ondoren. Foru Plazan izango da, eta herriko sagardogileek antolatu dute.
Proban laguntzeko herritarren bila
Bestalde, Eternal Running probaren antolakuntza lanetan laguntza bila dabiltza. Horregatik, Udalak dei egin nahi die interesa duten herritarrei izena eman dezaten. Kiroldegian egin behar da hori: 943 33 26 76.