Odola emateko urteko aurreneko zita, etzi

Kronika - Erredakzioa 2016ko ots. 20a, 01:00

URTEKO egutegia jakinarazi berri du Astigarragako Odol Emaileen taldeak, eta aurreneko zita astelehenean izango da, arratsaldeko 18:30etatik 20:30­etara, anbulategian. Odola eman nahi duten herritar guztiak daude deituta, eta taldeak bereziki animatu nahi diete aukera aprobetxatzera.

Hiru hitzordu, urtean zehar
Astelehenean egingo dutenaz gain, beste bi hitzordu aurreikusten dituzte 2016garren urtean zehar: bata, ekainaren 30ean, eta bestea, irailaren 29an.

Helburua, 2015eko odol emaile kopurua mantentzea
Aurtengo helburu bezala, aurreko urteko datuak hartuko dituzte kontuan. 2015ean ere hiru zita jarri zituzten, eta denera, 82 pertsonak eman zuten odola. Horietatik 43 emakumeak ziren, eta 39 gizonak. Astigarragako emaile hauei esker, 125 estrakzio egin ziren urte osoan, beraz, poltsa kopuru hori jasotzea lortu zuten.

Adinaren arabera, desberdin
125 estrakzioen artean, adin guztietako herritarren aportazioa dago. Hala ere, desberdintasun nabarmenak daude adin tarteen artean: 18 eta 25 urte bitartekoen artean, 7 poltsa bete ziren; 26-45 bitartekoen artean, 70; 46-60 urte, 40 pol­tsa; eta azkenik, 61 eta 75 urte bitartekoen artean, 8.
Emakume eta gizonen  datuak, aldiz, oso parekoak dira. Gainera, gogorarazi behar da gizonek 4 aldiz eman dezaketela odola urtean, eta emakumeek, hirutan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!