Nolako esperientzia izan zen Titan Desert lasterketa?
Oso gogorra. Bero asko egiten du Marruekosen; etapetan, 40-45 gradu bitartean izaten genituen. Eta etapak luzeak ziren, 600 kilometro egin genituen sei egunetan. Hasierakoak 110 km ingurukoak, eta azkenak 70 ingurukoak. Eta azken batean, distantzia hori egitea, egarria, beroa, nekea… Oso gogorra egiten da.
Txikituta bukatuko zenuen…
Aurreneko etapan atera, eta lehenengo abituallamentuan jaten hasi eta tripak gaizki neuzkala sumatu nuen. Gaizki eta gaizki, eta sekulako pajara harrapatu nuen aurreneko egunean. Ba aste guztia pasa nuen beherakoarekin, egunean sei aldiz komunera joanda. Eta egin nuen Titan Desert guztia, arroz zuria jaten eta ura edaten. Etapan ez nuen jaten ez barritarik, ez frutarik, ez ezer. Ura bakarrik. Eta helmugara iritsi, eta arroz zuria besterik ez. Eta ura naturala ematen ziguten, baina noski, ur naturala 45 gradutan…
Okerrena da ezin diozula buelta eman gorputzari. Bost-sei ordu pasatzen dituzu etapan, 40-45 gradutan. Iritsi eta beroarekin jan, dutxatu eta 50 gradutan zeuden haimatan sartu, itzaletan ere bero, gauean ere bai… Eta horrela, ezin duzu errekuperatu, gorputzak ez dio buelta ematen nekeari. Ez da erraza.
Poz haundia emango zizun bukatzeak, ezta?
Bai bai, oso jende gutxik bukatzen du. Erretiratzeko arazo nagusia, izaten da ipurdian zauriak egitea. Hainbeste kilometro eta ordutan, mendiko bizikletan eta bibrazioarekin… Goizero goizero, ipurdian eta kulotean baselina pila bat ematen genuen. Egunetik egunera, gero eta min gehiago daukazu, eta postura aldatzen zoaz. Titan Desert bat bukatzea reto haundi bat da, ez da erraza. Baina niri, nahiz eta gaixorik egon, ez zitzaidan burutik pasa ere egin erretiratzeko aukera zegoenik. Titanak erakutsi dit, horrelako proba batean, %80a burua dela. Momentu batzuetan, pentsatzen nuen: Ander, burugogorra bai, baina hainbeste? Harrituta geratu naiz, nire buruaren gaitasunarekin.
Anekdotak ere izango dituzu...
Normalean bi kontatzen ditut. Bat, joan aurrekoa, San Sebastian egunekoa. Donostiara joan ginen, dirua biltzeko errifak saltzera, eta postuarekin geundela, tanborrada zetorrenez, disimulatzeko kamararekin grabatzen hasi nintzen. Ba kasualitatez, komiko ingles bat harrapatu nuen, tanborradaren aurretik txoroarena egiten. Bideoa lankide bati utzi, eta hortik bi egunera 14.000 bisita zeuzkan interneten. Eta telebistatik eta irratitik deitu zidaten! Kriston exitoa izan zen.
Eta beste anekdota, kasu honetan tristea, karreran bertan. Dena grabatzeko asmoarekin joan ginen, bideo emanaldiak egiteko eta telebistan emateko. Eta iritsi ginen egunean bertan, lapurtu zizkiguten bost kamara GoPro eta eskuko kamara txiki bat. Eta orduan esan genuen, gu oso solidario etorri gara Marruekosera; medikamentuez eta arropaz gain, 3.000 euroan baloratutako kamarak ere utzi ditugu hemen.
Eta berez hala joan zineten, modu solidarioan. Laguntza humanitarioa eramatea ere bazen zuen helburua.
Nire osabak beti eramaten du laguntza hara, eta ni ere lau aldiz egonda nengoen aurretik. Oso argi neukan, behin horrelako proiektu bat eginda, kutsu hori nahi niola eman, laguntza humanitarioa eramatea zela nire helburua. 6.000 euroan baloratutako medikamentuak eraman ditugu, eta 3 metro kubiko arropa. Gainera, lasterketa bera ere oso garestia da. Horretarako, lan asko egin dugu hiru urte hauetan, eta antolatu ditugu bertso afari bat, bertso saio potente bat, eta errifak. Eta gero, enpresa eta udalekin egon gara harremanetan. Zorionez, lau udalek lagundu digute proiektu honetan. Orain, bideo emanaldiak egiten ari gara, herri horietan eta beste toki askotan. Interesa daukanak, Twitter bidez kontaktatu dezake gurekin; @amatxtitan kontua da gurea.
Nola prestatu zenuen proba?
Fisikoa lantzeko, astean hiru aldiz etortzen nintzen bizikletan, lagun batekin, Berriatuatik Hernanira lanera, eta buelta ere bizikletan. Eta asteburuan, entrenamendu luze bat eta beste bat laburragoa. Burua prestatzeko, berriz, astirik ez nuen izan. Baina nire entrenamendu mentala, uste dut izan dela benetan proiektu honetan sinistea, eta egin dudan lana. Dena eman dut, ilusio guztiarekin, eta oso gogotsu joan nintzen. Oso argi neukan zer nahi nuen egin.