Iritsi da, azkenean, gutiziatik gutiziara, ilunabarra gozatzen pasatzeko eguna. Gaur arratsaldeko 19:00etan hasita, Bertso Gutiziak ekitaldia izango da Basque Culinary Centerren, Kronikak antolatuta eta Insalusek babestua.
Puntako bertsolariek belarriak goxatuko dituzte aurrena, eta Basque Culinary Centerreko ikasleek sabelak, ondoren.
Lujanbio, Mendiluze, Pagola eta Egaña, eta sagardotegia
Bertsotan ariko direnak izango dira Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Eli Pagola eta Andoni Egaña. Gaiak Joxe Luix Urdangarinek jarriko ditu, eta seguru sagardotegiak aipatuko dituztela.
Eta bertsolariek aipatzen ez badituzte, Basque Culinary Centerreko ikasleek egingo dute. Izan ere, bertso saioaren ondorengo afari-meriendan, ikasleek prestatutako menu berezia dastatu ahal izango da, sagardotegian oinarritua egongo dena, ukitu bereziekin.
Azken sarrerak, han bertan
Sarrerak 20 eurotan izan dira salgai, eta gaur ere, prezio berean erosteko aukera izango da Kronikan eta Basque Culinary Centerren bertan.