Badirudi negua oraintxe iritsi dela, baina denda askotan, denboraldi berriko arropa eta artikuluen zain daude dagoeneko. Horregatik, Berriak elkarteko 11 dendak Stock Azoka jarriko dute gaur eta bihar; aukera paregabea, oraindik ere gainetik kendu ezinda ibiliko garen neguko arropak erosteko.
Gaur goiz eta arratsaldez; bihar, goizez
Azoka gaur bertan irekiko da; goiz eta arratsaldez egongo da zabalik, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, Plaza Berrin edo Atsegindegin (eguraldiaren arabera).
Bihar, berriz, goizez bakarrik jarriko da; 10:00etatik 14:00etara, eta umeentzako puzgarri eta jolasak izango dira.
Arropa baino gehiago
Guztira, 11 dendak jarriko dute postua: Kera, Ibai Mendi, Valen, Mahuka, Urrats, Oinatz, Ilargi, Kaixo, Eguzki, Hiru eta Kuluxkak. Beraz, arropa baino askoz gehiago aurkitu ahal izango da.