Gutxi badira ere, oraindik geratzen dira sarrera batzuk ostiraleko ekitaldirako; Kronikak antolatuta, eta Insalusek babestuta, Bertso Gutiziak jaialdia izango da ostiralean, 19:00etan hasita, Basque Culinary Centerren.
Bina sarrera, bi bazkidek
Sarrerak 20 eurotan daude salgai, Kronikan bertan, edo Hernaniko Kixkal eta Aralar tabernetan, Ereñotzuko Irrintzi tabernan, Astigarragako Ikatza tabernan eta Goizuetako Amaia kafetegian.
Baina Dobera-Kronikako bi bazkidek ez dute sarrerarik erosi beharko, bazkideen artean egin den zozketan irabazi baitituzte bina sarrera Esther Isasak eta Mertxe Gomezek. Kronikatik pasa behar dute sarrerak jasotzera.
Gutiziak, belarrietan eta ahotan
Bertso Gutiziak jaialdia arratsaldeko 19:00etan hasiko da ostiralean, Basque Culinary Centerren. Aurrena, bertsotan ariko dira Hernaniko Bertso Eskolako Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Eli Pagola, Andoni Egañarekin batean. Gai-jartzaile, berriz, Joxe Luix Urdangarin izango dute.
Bertso saioa bukatuta, afari-merienda izango da jangelan. Basque Culinary Centerreko ikasleek sagardotegiko menuan oinarritutako sorpresak prestatuko dituzte.