Astigarragako Udal Gobernuak 2016ko aurrekontuen proiektua aurkeztu du, eta hauek onartu baino lehen, beste alderdiek emendakinak aurkezteko aukera izan dute. Eta hori egin du EH Bilduk, beraien esanetan 24 emendakin aurkeztu dituzte «auzoetako ekarpenak gehitzeko, Astigarragako behar sozialak bermatzeko eta herriak dituen erronkei aurre egiteko».
«EAJk aurkeztutako aurrekontuak atzerapauso bat dira»
Aurrekontuen proiektua aztertu ondoren, «EAJk aurkeztutako aurrekontuak atzerapauso bat direla» uste du. Arrazoiak «ugariak» direla uste du, baina bost nabarmendu nahi izan dituzte.
Lehenenik, «alokairu soziala sustatzeko diru-laguntzak desagerrarazi dituzte herriko gazte eta familia askok bizi duten egoerari muzin eginez». Bigarrenik, «berdintasunaren II. Plana eta berdintasun politikak garatzeko aurrekontua izoztu egin da eta ia bideraezina da plana bera garatzea». Hirugarrenik, «herritarren parte-hartzea itxurakeriara besterik ez da mugatu. Auzoetan bilerak egin dira aurrekontua aurkezteko baina ez da ekarpenik jaso». Bosgarrenik, «onartutako Komertzioa Biziberritzeko Plan Bereziari heltzeko unea izan arren, ez da apustu sendorik egiten». Eta azkenik, «uholdeen aurkako neurriak, Anuskaren urbanizazioa eta landa eremuko biztanle eta baserritarren aipamenik ez».
«Erabat erren jaio den aurrekontua»
Horregatik diote «erabat erren jaio den aurrekontua» dela, eta gainera, «aurreko legealdiko hainbat proiektuekin jarraitzeko aurrekontuak izatea beharrezkoa dela» uste dutenez, 24 zuzenketa partzial aurkeztu ditu EH Bilduk.
Hainbat helburu
1.164.000 euroko balioa dute zuzenketa hauek eta hainbat helburu dituzte, EH Bilduren esanetan: «justizia sozialaren alde egitea; parte-hartzea, berdintasuna, ingurugiroa eta euskera bultzatzea; auzoak eta landa eremua sustatzea; hezkuntza alorrean inbertsioak bideratzen jarraitzea; uholdeen aurkako neurriak bultzatzea; eta komertzioa biziberritzeko planak bildutako erronka haundiei heltzea».
Honen aurrean, «EAJ eta PSE-EEri dei egiten diegu Astigarragaren alde lan egin nahi badute, gure emendakinak kontuan hartu ditzatela».
EMENDAKINAK
1.800 € Fiare sarrera kuota.
5.000 € Iradokizun, kexa, proposamen postontzi-sarea herrian zehar.
20.000 € Jangelak utzi duen espazioa egokitzea.
+ 5.000 € Ur eta saneamendu sarea.
150.000 € Herri bideak berritzea.
50.000 € Alokairu soziala.
252.000 € Komertzioa Biziberritu - Sagardo Plaza.
+ 100.000 € kiroldegiaren berritzea ordaintzeko.
125.000 € Anuskaren hiritartzea.
+ 4.600 € Eskola Kirola eta eskolaz kanpoko jardueretarako.
+ 12.500 € Euskera ikasteko dirulaguntzak.
+ 1.000 € musika eskolako matrikulazioan laguntzeko.
10.000 € Haurreskolako jolastokia eta beste egokitzapenak.
42.600 € Eskolako egokitzapenak.
+ 11.000 € Berdintasuna jorratzeko.
6.240 € Zaharren egoitzan dinamizatzaile-zerbitzua eskaintzeko.
143.000 € Uholdeei aurre egiteko.
11.000 € Baserritarren alde eta 26.842 € GHKko tasak ordaintzeko.
+ 9.445 € GKE - Kooperazioa.
41.451 € Udal langileen soldata igo eta langile bat kontratatzeko.
19.000 € Irisgarritasun plana, 5.000 € Santiagomendira autobusa eta 13.000 € argiteria.
+ 3.000 € familia programak.
27.000 € Oialumerako, 5.000 € zakarrontziak jartzeko, 10.000 € energia planerako eta 14.560 € ingurugiro ekintzetarako.
35.000 € Perurena: geltokia eta lokala.