Elkartasuna erakutsi nahi izan dio Amherrek Correscales martxari, eta bat egiteko deia egin dute, 10:00etan Txantxillan, «prekarietateak eragiten dien sektore guztiak bildu eta batzuen onurarako egiten diren politiken kontra egiteko, pertsona asko prekarietatera eta gizarte bazterketara bultzatzen baitituzte».
Era berean, gogorarazi dute «atzerritarren lege murritzaileak pertsona asko egoera administratibo irregularretara bultzatu eta hauen gizarteratzea zailtzen» duela. Horrela, salatu dute etorkinek arazoak izaten dituztela lan munduan sartzeko (are gehiago, emakumeek), osasun arreta jasotzeko, etxebizitza duina lortzeko edo berdintasunean oinarritutako hezkuntza jasotzeko.