Hernaniko Udala elkarlanean hasi da Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren Fundazioarekin. 15 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako proiektu bat dute eskuartean WhatsART izena duena, eta Kultiba Cambios Culturales kooperatibak kudeatuko duena. Helburua da, proiektuan interesa duten neska-mutilek, beraien interesak, kezkak, beharrak, nahiak eta bestelakoak ekoizpen artistiko baten bitartez azaltzea. Proiektu honekin bilatuko da gizarteari komunikatzea eta gizartean eragitea.
‘Artea zure mundua aldatzeko’ lelopean
Hernani eta inguruko gazteak Artea zure mundua aldatzeko lelopean ariko dira, izan ere, eskualde mailako herritarrek hartu dezakete parte. 1998 eta 2001 urte bitartean jaiotako gazteek beraientzat espresuki diseinatutako ekimen dinamiko batean parte hartzeko aukera izango dute.
Aurreneko bilera informatiboa, ostiralean
Aurreneko bilerarako zita ostiralean egin dute, iluntzeko 19:00etan, Biterin: «proiektuaren inguruko informazio zehatzagoa emango da eta zalantza guztiak argitzeko aukera izango da».
«Garrantzitsua da gazteek beraien kezkak jorratzeko bideak izatea»
Hernaniko Udalak Kronikara bidalitako prentsa oharrean azaldu duenez, oso garrantzitsua ikusten du gazteek kezkak jorratzeko bideak izatea: «kezkak azaleratzeko bideak jorratzeak eta sormenaren eta artearen bidez adierazteak are interesgarriago egiten du. Proiektu hau Hernani eta mundua hobetzeko bide aberasgarria izango delakoan gaude».
Ekintza ezberdinak, Hernanin
Tailerrak, mintegiak, irteerak, topaketak... Hernanin eta Gipuzkoako beste herrietan ekintza ezberdinak egingo direla jakinarazi du Udalak: «lurraldeko gazteek harremanak izango dituzte eta gai komunak identifikatuko dituzte. Arte diziplina ezberdinekin esperimentatuko dute eta erabakiak hartzen joango dira. Arte mota bat aukeratuko dute gizarteari azaleratu nahi dioten egoera edo interes hori transmititzeko».
Gazteek aukeratzen duten arte diziplina horretan, laguntza izango dute: «erreferentziazkoak diren artista profesionalekin zuzeneko hartu-emana izango dute gazteek, ideia berriak sortuz eta hasierako asmoa aberastuz, produkziora iritsi arte».