Errigoraren Eskutik Eskura egitasmoak helburu du, Nafarroa hegoaldeko baratza eguneroko kontsumo ohituretara ekartzea. Otsailean oliba olio birjinaren kanpaina hasiko dute; eta maiatzean kontserba loteak eskatzeko aukera izango da. Azaldu dutenez, guztia prezio egokian: «ekoizle zein kontsumitzaileentzat bidezkoan den prezioan izango da, hau da, ekoizlearen jatorrizko prezioan».
Eskaerak, ostiraletik
Oliba olioa eskatu nahi duten herritarrek ostiraletik martxoaren 2ra izango dute aukera. AEK euskaltegian 10:00-13:00 eta 16:00-18:00 ordutegian egin daitezke eskaerak; eta Karabeleko Ekonekazaritza etxaldean, 09:00-17:00 ordutegian. www.errigora.eus helbidera ere, eskatu daiteke. Gogoratu dute, eskaerak egiten diren leku berean jaso behar direla oliba olio loteak.
Jasotzeko egun eta orduak ere, zehaztu dituzte: martxoaren 11n, Euskaltegian 10:00-13:00 ordutegian; eta Karabelekon 09:00-17:00 ordutegian. Martxoaren 12an Karabelekon, 09:00-13:00 ordutegian; eta martxoaren 14 eta 15ean, euskaltegian 10:00-13:00 eta 16:00-18:00 ordutegian, eta Karabelekon, 09:00-17:00 ordutegian.
Eskaerak egin daitezke AEK euskaltegian, Karabeleko ekonekazaritza etxaldean eta www.errigora.eus web orrian.
Kontsumitzaile arduratsuen komunitatea sortzeko saiakera
Eskutik Eskura ekimenak bilatzen du, herriz herri, kontsumitzaile arduratsuen komunitateak sortzea: «lagun komunitate txikiak dira, Nafarroa hegoaldeko baratzak berezko dituen produktuak auzolanean eta bitartekari espekulatiborik gabe eskuratzeko prest daudenak».
Azaldu dutenez, pasa den ikasturtean 50 herritan egin zuten saiakera, eta 45.000 litro olio eta 90.000 ontzi kontserba banatu ziren guztira. Aurtengo erronka berriz, komunitate berriak sortzea izango dela diote: «komunitate berriak sortu eta sortutakoak indartzea dugu helburu. Orain arte egindako lana ez da makala izan; animo, beraz, gauza ederra egiten ari gara eta!».
Ekoizleen komunitatea, ere bai
Bestalde, gogoratu dute Eskutik Eskura ez dela soilik kontsumitzaileen komunitatea: «ekoizleen komunitatetxoa trinkotzeko saiakera ere bada Eskutik Eskura. Urtetik urtera gehiago dira bertako ekoizpena bertan merkaturatzeko prest dauden ekoizleak, auzolana eta euskera ardatz hartuta».
«Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari hauspoa ematea ere bada helburua»
Era berean, gogoratu dute, elikadura burujabetzari ez ezik, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari hauspoa ematea helburu duela Errigorak: «zentzu horretan, arlo ekonomikotik haratago, euskarari ekarpena egiteko bidea eskaintzen du Eskutik Eskurak. Ekoizleei parez pare agertzen zaie beraien produktuak euskeraz kontsumitzeko gosez dagoen merkatua. Eta horrek, euskeraren alorrean pausu berriak ematea errazten du. Aurtengoan, euskerarekiko ekoizleen konpromisoari dagokionean, aurrera pausu esanguratsua izango da».