Orona enpresa hernaniarrak indartu egin du Europan duen posizioa, erosi berri dituen bi enpresekin; bata Frantzian eta bestea Norvegian.
Frantzian EST Ascenseurs enpresa erosi du. 1986an sortu zuten Estrasburgon, eta Frantziako Alsazia eskualdean liderra da igogailuen sektorean. 7 milioi eurotik gorako negozio-zifra du enpresak, eta gaur egun, mantentze lanetan, 2.000 kontratu baino gehiago kudeatzen ditu.
Norvegian zerbitzuak finkatzeko asmoz, Heis 1 Group enpresa erosi du Oronak. Konpainiak ordezkaritza du Norvegiako hiriburu nagusietan, hala nola, Oslon, Stavangerren, Bergenen, Trondheimen, Tromson eta Tongsberren. Eskualdeko merkatua ondo ezagutzen duen enpresa da, eta profesional talde kualifikatua duela azaldu du Oronak. Gainera, Heis 1 Group enpresa Oronaren banatzailea izan da 14 urtetan: «bezeroari orientatutako kultura argi bat du, eta hori izan da konpainiak azken urteotan izan duen hazkundearen gakoa».
Europan duen presentzia haunditzea eta sendotzea
Oronak azaldu duenez, bi erosketa hauei esker, Europan duten presentzia haunditu eta sendotu dute: «Orona Frantziak 90 milioi inguru fakturatzen ditu, egun dituen 8 konpainiekin; 450 pertsonari baino gehiagori ematen zaio lana. Orona Norvegiak berriz, 8 langun ditu, eta 16 milioi euro baino gehiago fakturatzen ditu; 80 pertsona inguruko lantaldea du».
«Zerbitzu lehiakorragoak eskaintzea ahalbidetzen du»
Xabier Mutuberriak, Oronako zuzendari nagusiak azaldu duenez, bi aliantza hauek ahalbidetzen dute bezeroei zerbitzu lehiakorragoa eskaintzea: «gure estaldura geografikoa haunditzeaz gain, bezeroei produktu eta zerbitzu lehiakorragoak eskaintzeko gaitasun haundiagoa dugu orain».
Orona mugikortasun soluzioetan espezializatutako enpresa da eta 11 herrialdetan 50 enpresa baino gehiago ditu. Europako 10 igogailu berrietatik bat, Oronak egina da. Europan liderrak dira, igogailu osoak ekoizteko duten ahalmenari esker.