«Aurrenekoz pelukeria batera joanda, atera nintzen esanez ez nintzela berriro ere joango!»

Kronika - Erredakzioa 2016ko ots. 13a, 01:00

Maria Angeles Legarretar­en­tzako «milagroa, ametsa bete­tzea» izan zen pelukera bihur­tzea. Baina 52 urtez Hernanin ileapaindegian lanean aritu ondoren, berak egin ditu makina bat milagro baten eta bestearen ileak txukuntzen.
Lehengo urteko apirilean jubilatu zen. Baina berak erakutsitakoari segida eman diote beste hainbat pelukerak Her­nanin. Urbieta kaleko lokalak ere irekita jarraitzen du, Maria Sousaren lanarekin.

Nolatan pelukera? Etxetik datorren afizioa da?
Etxekoa ez. Nere berezko afizioa izan da. Lau ahizpa eta 5 anai ginen, eta familia modista zen. Eskolan ere, komonean pasatzen nuen errekreoa, orrazkerak egiten! Hala ere, pelukera izan baino lehen, jaietan Fagollagan aritzen nintzen kamarera, eta beti esan izan dut pelukera izan ez banintz, kamarera izango nintzela. Eta begira gauzak zer diren. Gogoratzen naiz Fago­llagako alabekin joan nintzela aurrenekoz pelukeria batera, Donostiara, eta atera nintzen esanez ez nintzela berriro ere joango! Sekadorean belarriak erre zizkidaten!

Noiz hasi zinen, orduan, pelukera?
Aranokoa naiz, eta Goizuetan, festetan ezagutu nuen mutil bat. Nik 17 urte nituen eta esan nion pelukera izan nahi nuela, eta hark, nonbait, amari kontatu. Hura ibiltzen zen pelukerietarako gauzak saltzen, eta errepresentantea bidali zuen nere bila, saltzeko jende gehiago behar izaten zutelako. Nik Aranon kuidatzen nituen ume batzuk, eta han azaldu zen nere bila 4x4 batean. Milagroa izan zen! Eta horrela ametsa bete nuen!

Berehala ireki zenuen ileapaindegia?
Donostiara joan nintzen ikastera. Gipuzkoa Plazan bost hi­labete egin nituen, Bernar­de­kin, eta gero, berezkoa ere ba­nuen... Ordurako Arano guztia orrazten nuen! Donostian oso kliente eleganteak zeuden, eta guri ez zigun uzten harenak ukitu ere egiten. Guk eraman behar izaten genituen gure bezeroak, eta neskameak izaten genituen. Orduan ahizpa Hernanin, Iz­pi­zua kalean bizi zen, eta gela bat utzi zidan lanerako. Hiru urte egin nituen han lanean, 18 urterekin hasita, eta gero ezagutu nuen nere gizona izango zena. Gura­soekin denda prestatzen ari zen Txirritan, eta pelukeria irekitzeko zatitxo bat utzi zidaten. 7 urte egin nituen han, Urbieta kalera etorri arte! A zer kolak izaten genituen Txirritan! 20tik gora lagunekoak! Batzuk seiscientosean etortzen ziren 8-9 lagun, kafe termoarekin!

«Oso esker oneko lana izan da. Beti esan izan dut berriro jaioko banintz, pelukera izango nintzatekeela»

Orduan orain baino ileapaindegi gutxiago egongo zen, baina ez zen erraza izango hasiberri batentzat...
Ahizpak Akarregin zuen etxea, eta jaietan, 07:00etan mezetara joan eta eguerditan han aritzen nintzen lanean. 12 pezeta kobratzen nituen, eta 500 pezeta ateratzen nituen egunean! Orduan herrian zeuden pelukerak helduak ziren eta moinoak zeuden modan, eta horixe egiten nuen nik ondoen! Mania hartu zidaten, eta munizipalak bidali zituzten neregana, lanerako karnetik ez neukala eta... Baina baneukan! Moinoaren azpian lazo zapateroa egiten nuen, eta batzuk esaten zuten postizoa zela... Orain lagunak gara!

Bezero zailik ere eduki duzu?
Izan nuen bat hasiberritan, negarrez eta dardarka utzi ninduena! Moinoa egiten hasi eta purrustaka hura. Eta bukatu nuenean kendu egin zuen, berriz egiteko esanez. Harek egindako propagandarekin ez nuela lanik egingo esan zidan! Gainerakoan oso ondo ibili naiz. Oso esker oneko lana izan da. Beti esan izan dut berriro jaioko banintz, pelukera izango nin­tzatekeela. Poltsi­korako zapitxoak gustatzen zaizkit, eta zenbat oparitu izan dizkidaten!

Eskola ere sortu duzu...
Jubilatzean despedida egin genuen, eta erakutsi nien 17 neskak etorri ziren. Gehienek pelukeria jarri dute Hernanin eta Lasarten! Poz haundia eman zidaten. Orain, ahizpak Aieten jarraitzen du alabarekin, eta Ana eta Uxue ilobek ere pelukeria bana daukate.

«Bost hilabete egin nituen ikasten, Donostian, Bernardekin, eta gero, berezkoa ere banuen... Ordurako Arano guztia orrazten nuen!»

Modernoak ala klasikoak izan dira hernaniarrak?
Denetik. Egon dira atrebituak! Korte okerrak, zati bat afeitatu eta puntan utzi... Mutilak dena afeitatuta eta Mitsubishi marka marraztuta... Gauza asko egiten genituen! Eta moinoak! Zenbat emaztegai orraztuko nituen! Eta mutilak ere, orain ohikoa da, baina gogoratzen dut aurrenekoa. Umea ekarri zuen, eta hori ere ez zen ohikoa, eta halako batean, berari ere moztuko ote nion galdetu zidan!

Hainbeste lan eginda, erretirora ohitu zara?
Penakin utzi dut, baina kontentu. Oso suerte ona eduki dut osasunean, 52 urtetan ez baitut bajarik izan; beti zutik, eta ez dut gerriko, bizkarreko edo hanketako minik izan. Baina esaten nuen, ondo egonda jubilatu behar nuela, bestela, pelukeriatik zuzenean kanposantora!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!