Astigarragatik pasatzen da Hungariara bueltako bidea, Kaldereroentzat, eta urtero bezala, herrian egingo dute azkeneko parada. 17:30etan Ergobiatik abiatu, eta kaleetan barrena ibiliko da Kaldereroen konpartsa, gaur arratsaldean.
Eta nola ez, ez dituzte faltako lapiko eta zartagiak. Mailu bana eskuan hartuta, kolpe eta kolpe emango diete, herrian hotsik falta ez dadin, azkeneko momentura arte.
Baina kolpe hotsekin bakarrik ez, kantuan ere alaituko dituzte Astigarragako kale eta plazak. Eta betiko moduan, zartagi, lapiko eta mailuak bezala, hartza ere lagun izango dute, ibilbide osoan zehar.
Afaria ondoren, Zipotzan
Baina ez dira tripa hutsarekin bueltatuko Kaldereroak, Hungariara. Konpartsaren ibilbidea osatu ondoren, afaria ere egingo dute Zipotza elkartean, agurrik beroena emateko.
Bertan afaldu nahi duenak, txartelak salgai dauzka Zipotza tabernan.