Bukatzeko gutxi falta dute Goizuetako Inauteriek. Lehengo igandean hasita, girorik ez da falta izan orain arte: mozorroen puska biltzea, gaztetxoen eta helduen Zahagi Dantzak, Goizuetako rockeroen desfilea, txarangak, dantzaldiak...
Gaurkoa, berriz, Kontun Eguna izanen dute; goizeko 09:00etan karpa desmontatzen hasi beharko dute. Baina lanerako eguna ere, festa giroan joanen da. Izan ere, lanak bukatuta, 12:30etan poteoa eginen da Igandea txarangarekin; 14:00etan mozorroek bazkaria izanen dute; 17:29etan berriro ere poteoa izanen da Igandea txarangarekin; eta gauean, Skabidean taldearen kontzertua izanen da Gaztetxean.
Inauterien aurretik hasitako hausnarketa prozesuarekin jarraituko da, otsailaren 19an eginen den bilera irekian.
Ostiralean bilera, balorazioa eta hausnarketa egiteko
Gaur Inauteriak bukatuta, balorazioa egiteko eta hausnarketarako tartea irekiko da segidan. Hain zuzen, datorren ostiralean, hilak 19, bilera irekia eginen da udaletxean, eta herritarrei dei egin zaie parte hartzeko.
Bertan, aurtengo Inauterien balorazioa egin eta datozenetarako proposamenak egin ahal izanen dira. Hausnarketa prozesu honi, Inauterien aurretik eman zitzaion hasiera. Orduan sortutako hainbat zalantzari eta proposameni erantzuna ematen saiatuko dira: «Zergatik ez dira Karrozak Kontun Egunera pasatzen? Edo Zahagi Dantzarekin desfilatu?».
Gaur, Kontun Eguna
09:00, Karparen desmontajea.
12:30, Poteoa herrian barrena, Igandea txarangarekin.
14:00, Mozorroen bazkaria.
17:29, Poteoa herrian barrena, Igandea txarangarekin.
Gauean, Skabidean taldearen kontzertua Gaztetxean, gorputzak eusten dion arte.
Otsailak 19
18:30, Bilera irekia udaletxean, herritar guztientzat. Gaia: Inauteriak: eta datorren urtean zer? Aurtengo Inauteriak baloratu eta datozen urteetara begira, hausnarketa eginen da.