Euritan dantzan izena du Gatiburen seigarren lanak. Musikalki, momentu onenean grabatutako lana izan dela aitortu dute taldeko kideek: «denbora hartuz, ur tantak bailiran, mimoz landutako kantak biltzen ditu, entzulearen zirrara pizten dutenak». Estilo askotako abestiekin osatu dute diskoa: riff rock erritmo dantzagarriak, pop, blues eta funky moduko estiloak...
Orain Euritan biran murgilduta daude, eta Hernanin badute geltokia. Oialumera etorriko dira, euritatik babestuta, baina herritarrak dantzan jartzeko gogoz. Martxoaren 5ean izango da kontzertua. Gainera, ez da talde bakarra izango, Gritando en silencio eta DJ Bull-ekin gozatzeko aukera ere izango baita.
Sarrerak salgai, 15 euroan
Martxoaren 5erako plana egin eta sarrerak erosi nahi dituenak dagoeneko eskuragarri ditu. Hernanin, Akerren eta Goiz Argin; Astigarragan, Ikatzan; Oiartzunen, Amazkarren; Donostian, Urkan; eta Tolosan, Orbelan. www.musikaze.com/gatibu atarian ere eskuratu daitezke. Prezioa: 12 euro eta gastuak, edo 15 euro.