Gaur egingo dute hirugarren eta azken parte hartze mahaia, hondakin bilketari buruzko galdeketa prestatzeko. Arratsaldeko 19:00etan izango da, udaletxeko pleno aretoan, eta bertaratzeko gonbitea luzatu die Udalak, herriko kirol eta kultur elkarte zein talde guztiei, eta baita bertaratu eta parte hartu nahi duten bizilagun guztiei ere.
Galdera bakarra: atez atekoa edo bosgarren edukiontzia
Azaroko plenoan onartu zuten galdera bakarra izango duela kontsultak: zer nahiago duten herritarrek, atez ateko sistema edo bosgarren edukiontzi itxia.
«Kontsulta horren bitartez, bizilagunek aukera izango dute euren hiri hondakin bilketa sistema aukeratzeko», azaldu du Udalak.
Kontsultari buruzko azalpenak, gaur
Gaurko saioan, aztertuko dute galdeketaren prozesuari buruzko txosten juridikoa, astigartarren zalantzak argitzeko. Beraz, kontsultari buruzko azalpenak emango dituzte bertan: bozketan nork hartu dezaken parte, non izango den, nola antolatuko diren mahaiak... Txosten hori, dagoeneko ikusgai dago Udalaren web orrian: www.astigarraga.eus.