Ba al da txokolatea baino gauza goxoagorik? Modu askotara egin daiteke, eta azken aldian, baita zapore askotakoa ere. Euskal Herri mailan bada familia bat, ederki ezagutzen duena txokolatearen elaborazioa: gorrotxategitarrak. Joxe Mari Gorrotxategik bizi osoa eman du, hara eta hona, txokolatearekin. Eta oraingo honetan, Rafa Gorrotxategi, semea, iritsi da Hernanira. Erakusketa jarri dute Marisol Yaben argazkilari ezagunak eta berak, Biteri kultur etxean. Otsailaren 18ra arte egongo da ikusgai, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara.
Helburua, txokolatearen kultura transmititzea
Rafa Gorrotxategik txokolatearen kultura transmititu nahi zuen, eta DVD bat grabatzea erabaki zuen. Bertan erakusten da, besteak beste, txokolatea modu tradizionalean nola egiten den. Erakusketa ordea, bideotik haratagokoa izatea nahi zuen Gorrotxategik, eta hemen dator, Marisol Yaben argazkilari hernaniarraren elkarlana. Prozesu guzti hori argazkietan bildu du Yabenek; 30 argazki, txokolatearen elaborazio tradizionala biltzen dituena.
Biterin, ostiralean inauguratu zuten erakusketan, argazki horiek daude ikusgai. Eta baita ere eskulturak eta txokolatea egiteko orain urte batzuk erabiltzen zen tresneria.
DVDaren aurkezpena ostiralean egin zuten, eta ikusi nahi duten taldeek eskatu besterik ez dute, erakusketa gunean bertan.
Ikastolekin, bisita gidatuak
Aipatu bezala, erakusketaren helburua da txokolatearen kultura transmititzea. Eta bide horretan, bisita gidatuak egin nahi dituzte ikastoletako neska-mutilekin, Biterin.