Astigarragako Udalak jakinarazi duenez, Tranbia ibilbideko geltoki berriak astelehenetik aurrera erabili ahal izango dira; bi norantzatan dijoazen A1 eta A2 zerbitzuetako autobusak bertan geldituko dira: «Arrobitxulo eta Urumea Berri inguruan Astigarragak izan duen hazkundeak sortu du geltoki berrien beharra; hemendik aurrera, bertako biztanleei garraio zerbitzua zuzenagoa emango zaie».
Zerbitzu gehiago, Astigarragatik abiatuta
Udalak azaldu duenez, A2 autobusak ordutegi berriak ere izango ditu astelehenetik aurrera. Puntutan, zerbitzua indartze aldera, Hernanira eta Donostiara autobusak aterako direla azaldu dute. Donostiara aterako dira 07:10, 08:10, 09:10, 13:40, 14:40, 17:40, 18:40 eta 19:40 ordutegian; eta Hernanira 07:50, 08:50, 09:50, 13:20, 14:20, 17:20, 18:20, 19:20 eta 20:20 ordutegian.
Bestalde, Donostiarako sarbidea azkartzearren, A2 autobusaren sarrera aldatu egingo dela azaldu dute: «autobusek Okendorantz jarraituko dute, Urumea ibaiaren albotik, Eustasio Amilibia kalera desbideratu ordez. Gainera, Bizkaia pasealekuan geltoki berri bat jarriko da, Hezkuntza Eskola Ofizialaren aurrean, eta ez Sancho el Sabion, orain arte bezala».
Transbordoa, debalde
Bestalde, Udalak jakinarazi du A3 lineak zerbitzua emateari utziko diola, astelehenetik: «Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako erabakia da, ibilbidea ez baita errentagarria. 2013ko uztailaren 1ean jarri ziren martxan, eta harrezkero, batazbeste, autobus bidai bakoitzeko 3 bidaiari izan dira».
Ospitalera edo Unibertsitatera joan behar dutenek, Hernanin aldaketa egin ahal izango dutela azaldu du Udalak: «A1-A2 autobusa hartu, eta Hernanin G2 edo G3 autobusera transbordoa egin ahal izango dute, gainkosturik gabe, Mugi edo Lurraldebusekin».