Kolorez bete zen atzo Ereñotzu, Inauteriak direla eta. Txirrita ikastolako haur eta gaztetxoek jarri zuten saltsa, arratsaldean.
Eskolatik kalejiran atera ziren 15:00ak inguruan, eta txoko guztietara barre algarak zabaldu ondoren, frontoira gerturatu ziren, ikuskizun berezi batzuk eskaintzeko.
Imajinazioa landuz
Mozorroak aukeratzea, eta ikuskizunak prestatzea ikasleen lana izan zen. Gaiak libreak ziren, eta bakoitzak bere irudimenak emandakoarekin egin zuen lan.
Pertsonaje ezagunak eta ez hain ezagunak, animaliak, superheroiak, sorgin eta munstroak, kirolariak, dantzariak... Denetik bildu zen frontoian, eta umore ona izan zen nagusi arratsalde osoan zehar.
Bukatzeko, egindako lana eskertzeko, merienda gozo bat egin zuten, eta indarrak berreskuratuta, dantzan eta lagunartean pasa zuten gainontzeko denbora osoa.
Gaurkoan, berriz, ez dago Inauterien bueltan ezer antolatuta, baina mozorrotzea libre!