Lehertu da umoreak eta koloreak bat egiten duten festa!

Kronika - Erredakzioa 2016ko ots. 6a, 01:00

Neguko hotzari eta askotan giro goibelari aurre egiteko festa bikainak dira Inauteriak. Kol­o­reak, umoreak, parodiak eta beste hainbat elementuk egiten dute bat Hernanin, Inauteriek irauten duten bost egunetan.
Iñude eta Artzaien konpar­tsak girotu zituen herriko kaleak igandean; eta Musika Bandaren kontzertua ere izan zen, Udaleko arkupetan. Oste­gunean berriz, santa eskean atera ziren herritar ugari: txikienak ikastetxeetan, abesbatzak herrian barrena, eta auzoetan ere, ospatu zen Santa Ageda bezpera. Inauteriak ofizialki atzo hasi ziren Her­nanin. Azken urteetan bezala, jaien hasiera Gudarien plazan egin zen, ikastetxeetako nes­ka-mutilekin batera. Ondoren, bakeroak, pailazoak, medikuak, super heroiak, animaliak eta bestelako mozorroak jantzi, eta herrian barrena ka­lejiran ibili ziren. Festak segida izan zuen arratsaldean: erraldoi eta buruhaundiak,  dultzaineroak, haurrentzako jolasak, Musika Bandaren kon­tzertua, esku pelota... izan ziren.

Koadrila eta familien eguna, gaurkoa
Inauterietako egun haundia gaurkoa da Hernanin. Geroz eta indar gehiago hartzen ari den jaia da, eta hala, gehiago dira jantzi eta kalera ondo pasatzera ateratzen direnak. Bereziki lagunartean edo familian pasatzeko eguna da gaurkoa. Azken urteetan ikusitakoaren arabera, asko dira gai bat hartu, eta honen bueltan janzten diren taldetxoak; eta an­tzerki modukoak ere egiten dituzte kalean barrena. Zein burutapen ikusiko ote dugu aurten herriko kaleetan?
Goiztiarrenek 10:00etan hasiko dute eguna, Azeri Dan­tzaren bueltan. Inauterietako txarangak girotuko du eguerdi partea; haurren­tzat poniak eta zezen txikiak jarriko dituzte Latsun­be­berrin; eta dantzarako tartea ere izango da Jeiki Hadi taldearen eskutik. Baz­kalaurretik, erraldoi eta buruhaundiak ibiliko dira kaleetan barrena. Sutu Hernanik eguerdiko 14:00etan jarri du bazkal­tzeko zita, eta txartela erostera animatu di­ren guztiek, bazkalordu ederra pasako dute gaurkoan.  
Arratsalde hasiera txarangak markatuko du. Atsegin­de­gin Moz­o­rro Festa antolatu du­te gaztetxoentzat: lau talde ani­ma­tu dira edizio honetan; au­rrenekoan Mara, Maddi, Ju­ne, Naroa eta Elaia ariko dira; bigarrengoan, Maddi, Enara eta Irati; hirugarrengoan, Iker, Oihan, Ane eta Izaro; eta laugarrengoan Ruben, Daniela, Jon eta Susana. Moda-modan dauden kantuekin koreografiak prestatu dituzte, eta talde bakoitzak dantza bat egingo du. Aurkezle lanetan Donos­tiako Marta Olalde ariko da, esperientzia haundiko aurkezlea;  gaurkoan animatzaile lanak ere, egingo ditu Olaldek. Arratsaldean baita ere, San Joan Konpartsak antolatutako erromerian parte hartzeko aukera izango da. Eta musikaren bueltan segiko du egunak, gauerdira arte: Garilak 26 taldearen kontzertua izango da Tilosetan. Igan­derako trantsizioa, Betikoak txarangak girotuko du.

Konpartsak, igandeko protagonista
Larunbata bukatu bezala hasiko da igandea, txarangaren erritmora. Eguneko protagonismoa Ttarla eta In­ma­kuladako konpartsek izango dute; 12:00etan aterako dira, Urbieta kaletik. Arratsaldea kale antzerkiak, txarangak eta Musika Eskolako trikitilariek girotuko dute.

Umeen eguna, astelehena
Astelehenean etxeko txikienek jai dutela aprobetxatu, eta beraiei zuzendutako ekitaldiak izango dira, batik bat. Goizean Dianak es­na­tuko du herria, eta bazkalor­du­ra bitartean antolatu dituzte gaztetxoentzat Azeri Dantza, po­niak, zezen txikiak, eta haur jolasak. Arratsaldean erraldoi eta buruhaundiak ibiliko dira Kaxko­tik barrena; eta Irrien Lagunekin, Arrantzara dantzan ikuskizuna izango da Atsegindegin.

Agur, asteartean
Inauteriak asteartean bukatuko dira, Sardinaren ehorzketarekin; 18:30etan izango da, Plazan.

Larunbata
10:00 Azeri Dantza
11:30 Inauterietako txaranga
11:30 Haurrentzat poniak eta zezen txikiak Latsunbeberri auzoan.
12:00 Jeiki Hadi taldea. San Joan Konpartsa.
13:00 Erraldoi eta buruhaundiak. Kriskitiña dantza taldea.
14:00 Bazkaria Sutu Hernanik antolatuta.
18:30 Inauterietako txaranga
18:30 Mozorro festa gaztetxoentzat Atsegindegin.
18:30 Erromeria Alaken taldearekin. San Joan Konpartsa.
23:00 Kontzertua ‘Garilak 26’ taldearekin Tilosetan.
00:00 Betikoak txaranga.
Igandea
11:30 Inauterietako txaranga
12:00 Konpartsen irteera Ur­bie­ta kaletik: Ttarla Inmakulada.
17:00 Kale antzerkia: Andante. Markeliñe.
18:30 Inauterietako txaranga.
19:30 Hernani Musika Eskola publikoko trikitilariak.
Astelehena
09:00 Diana Hernani Musika Eskola Publikoa
10:00 Azeri Dantza gaztetxoentzat
11:30 Haurrentzat poniak eta zezen txikiak Latsunbeberri auzoan.
12:00 Kulki haur jolasak Atsegindegin.
16:00 Erraldoi eta buruhaundiak, Kriskitiña dantza taldea eta Hernani Musika Eskola Publikoko dultzaineroak.
17:00 Irrien lagunekin Arrantzara dantzan ikuskizuna Atsegindegin.
Asteartea
18:30 Sardinaren ehorzketa.

Mozorroa azken orduan osatzen duen horietakoa al zara?

OFIZIOAK
Medikua edo erizaina
Galtza berdeak, bata txuria guru­tze gorriarekin, tresneria...
Kazetari edo argazkilaria
Galtza bakeroak, poltsikodun txalekoa, argazki kamara...
Enpresari edo bankaria
Trajea, korbata, diruz betetako maleta, betaurreko beltzak...
Mekanikoa
Buzo urdina olio mantxekin, tresneria...
Pintorea
Galtza eta jertse txuria, pintura mantxak, brotxa, pintura botea...

KIROLAK
Harrijasotzailea
Galtza urdina, niki txuria, txa­leko akoltxatua, gerriko bel­tza eta harria
Pelotaria
Galtza txuriak, kamiseta gorri edo ur­dina, gerrikoa, takoak, pelota, pala...
Futbolari edo errugbilaria
Galtza motzak, futbol edo errugbi taldeko kamiseta, baloia...
Igerilaria
Bainujantzia eta txanoa, eta hotzari aurre egiteko gogoa
Tenista
Galtza motzak, kamiseta, zinta buruan eta raketa

ESTILOAK
Motorista
Larruzko praka eta txaketa, zapi gorria eta betaurreko ilunak.
Hippy
Loredun kamiseta, kanpanadun galtzak, koilareak, zapia buruan, bihotz formako betaurrekoak...
80 hamarkada
Kolore biziko arropa, ilea kardatuta, tiro altoko galtzak...
Grease
Arropa beltza, alkandora lepoa goraka, tupea ilean...
Adinak
Ume txikia, nerabeak, aiton-amonak...

ALDERDI POLITIKOAK
EH Bildu
Koloredun galtzak, maho alkandora, mendiko uniformea, palestinoa...
EAJ-PNV
Pintzadun galtzak, alkandora koadroduna, jertsea lepotik eta txapela
PSE-EE
Bakeroak, alkandora eta pana edo ralladun amerikana koderekin
Podemos
Bakeroak, alkandora ireki xamara koleta luzea edo rastak
PP
Trajea, alkandora, korbata, go­mina eta maletina.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!