Alfonbra gorri eta guzti, aurtengo kolore eta umore festari hasiera emateko

Kronika - Erredakzioa 2016ko ots. 6a, 01:00

Glamourrak inguratuta iritsi dira Inauteriak aurten Astiga­rragara. Atzo hasi zen festa, Herri Eskolako ikasleen eskutik; Nazioarteko Zinemaldia ekarri zuten kiroldegira.
Gaur berriz, musikak eta barre algarek hartuko dute herria arratsaldean, eta bihar, eguerdian, Euskal Inauterien Konpartsa aterako da kalera.

Nazioarteko Zinemaldia, Astigarragan
Alfonbra gorriaren gainean desfilatu zuten atzo Herri Eskolako ikasleek; 3 urtekoekin hasi eta 6garren mailakoetaraino.
Zine munduan ezagunak egin diren pelikulak eta pertsonajeak ekarri zituzten gogora: hiru urtekoek, Heidi; lau urtekoek, Charlot; bost urtekoek, Indioak eta bakeroak; aurreneko mailakoek, Singing in the rain; bigarren mailakoek, Karibeko Piratak; hirugarren mailakoek, Lehoi Erregea; laugarren mailakoek, Zazpi emaztegai eta zazpi anai; eta bosgarren mailakoek, Grease.
Seigarren mailakoek ere ez zuten hutsik egin, eta Holly­woodeko profesionalen pare aritu ziren lanean: aurkezle, sari banatzaile, alfonbra gorri jartzaile, aretozain...

Gaurkoa, mozorroen egun haundia
Koloreek zipriztinduko dituzte gaur ere Astigarragako kaleak. Eta koloreekin batera, musikak. Izan ere, bi zita izango dira gaur arratsaldean.
Batetik, arratsaldeko 17:30e­tan Txorotxaranga izeneko ikuskizuna ikus ahal izango da herriko hainbat gunetan. Bereziki haurrei zuzendutako ikuskizuna bada ere, publiko guztiarentzako aproposa da: txaranga baten antzera herriko kaleetan barrena ibiliko dira. Ikuskizunarekin bat egin eta festan parte hartzeko, mozorrotuta joateko deia ere egin dute.
Hura bukatuta, musika es­tilo guztien erritmora dantzan eta saltoka ibiltzeko garaia iri­tsiko da; arratsaldeko 19:30e­tan hasita, txaranga ibiliko da batetik bestera.

Konpartsa eta plaza dantzak, bihar
Ergobiatik Astigarragaraino luzatuko da festa biharkoan. Goizeko 11:30etan Ergobiatik abiatuko baita Euskal Inau­terien Konpartsa. Hala ere, euria egiten badu, 12:00etan jarri dute zita, Astigarragako pelotalekuan.
Astigar dantza taldeak an–tolatuta, Euskal Herriko hainbat txokotako dantzak egingo dituzte; besteak beste, Lan­tze­ko eta Lapurdiko Inauterietako dantzak, Oriako sorgin dantza eta Goizuetako zahagi dantza. Eta dantzarako musika ezinbestekoa denez, Txirriskla taldeko txistulariak eta Norberto Alman­doz Musika Eskolakoak ariko dira doinu horiek jo­tzen.
Ondoren, herritar guztiek izango dute aukera gorputza dan­tzan jartzeko; eguerdiko 13:00ean Joseba Barandiaran plazan jarri da zita, plaza dan­tzetarako.

Kaldereroak gaur zortzi, agurtzeko

Larunbatean aterako dira. Aurretik, ostegunean entsaioa izango da.

Inauteriak asteburu honetan ospatuko badira ere, aste osoan utziko dute arrastoa. Izan ere, festa modu onean agurtzeko, Kaldereroen Kon­par­tsa aterako da datorren larunbatean; hilaren 13an.
Zipotza elkarteak antolatuta, arratsaldeko 17:30etan jarri da hitzordua, Ergobian. Nahi duenak hartu dezake parte, zartagi eta mailuak eskuetan. Entsaioa ere egingo da, ostegunean, 19:30etan Zipotzan.
Afarirako txartelak salgai
Inauteriak ondo agurtzeko, Kaldereroen Konpartsaren kalebueltaren ondoren afaria egingo da Zipotzan, eta txartelak salgai daude.

 

Ikus-entzunekoak eta emanaldi bereziak, otsailean

Inauterien kolore alaiak dira nagusi otsaileko kultur agendan, baina bestelako ekitaldirik ere ez da faltako: zinea, antzerkia...

Santa Ageda bezperako erron­da pasata, Inauteriek har­­tu dute protagonismoa otsai­leko kultur agendan. Gainera, ez dira asteburu honet­ara mugatzen. Izan ere, datorren larunbatean Kalde­reroen Kopartsa aterako da kalera. Arratsaldeko 17:00e­tan Foru Plazatik abiatuko dira, eta bukatzean, txorizo pintxoak eta barrikotea jarriko dira, partehartzaileentzat.
Hala ere, bestelako ha­maika ekintza ere izango dira hil honetan zehar.

Zilegi Eskola, Lertxundiren kantagintzari buruz
Hasteko, euskera praktika­tzeko aukerarik ere ez da falta otsailean. AEK euskaltegiak beste Zilegi Eskola saio bat antolatu du, eta bi egun izango dira aukeran: hilaren 10a, 09:30etan, edo hilaren 11, 18:30etan.
Bi saio horietan, Benito Lertxundiren kantagintzari buruz ariko dira. Doan izango da, baina ohi bezala, izena eman beharko da 607 610 687 telefonoan edo astigarraga@aek.org helbidean.

Haurrentzako zinea eta antzerkia
Bestelako ekitaldien artean, umeei begira ere antolatu dira hainbat gauza. Batetik, Azken eguzkilorea antzezlana ikusi ahal izango da datorren igandean, 17:00etan kultur etxean. Patata tropikala an­tzerki laborategiak antzeztuta, euskal mitologia ardatz duen abentura sorta kontatuko da ikuskizunean. Sarre­rak, ohi bezala, www.astigarraga.eus webgunean erosi ahal izango dira aurretik, eta egunean bertan kultur etxean, 2,50 eurotan.
Bestalde, hilaren 20an Harri magikoaren bila pelikula jarriko dute kultur etxean, 17:00etan.

Fuerza mayor, Zine Forumean
Harituz elkarteak antolatuta, berriz, Zine Forum saio berri bat izango da hilaren 23an, 18:00etan kultur etxean, do­an. Fuerza mayor pelikula ikusi ahal izango da bertan: Al­pe­etan oporretan dagoen familia bat elur-jauzi batek harrapatuta geratuko da. Ama seme-alabak laguntzera joango da, baina aitak bere burua salbatzeko ihes egingo du. Horrek, familiaren egonkortasuna kolokan jarriko du.

Bertsolaritzaren sekretuak aireratuko dituen ikuskizuna
Bestelako emanaldi berezi bat ere izango da hil honetan. Otsailaren 27an, Isilduriko emakumeen historia. Bertso­laritzaren sekretuak izeneko ikuskizuna izango da kultur etxean. Jokin Labaien izango da narratzaile eta bertsolarietako bat; Itxaso Paia eta Jokin Murua beste bi bertsolariak; eta Idoia Noble akordeoilaria.
Ikuskizun honetan, beraz, testua, bertsoak eta musika nahastuko dira. Urteetan ze­har hainbat emakumen ber­tsolaritzaren munduan egindako lana ezagutzera emateko.

Sagardo dastaketa, Zapiainen
Hilabetea bukatzeko, azkenik, eta txotx garaiarekin bat eginda, sagardo dastaketa antolatu du Sagardoaren Lurraldeak, Zapiain sagardotegian. Izene­matea irekita dago.

Gaur
17:30 Txorotxaranga: herriko hainbat gunetan egingo den ikuskizuna.
19:30 Txaranga, herrian barrena.
Bihar
11:30 Euskal Inauterien Konpartsa Astigar dantza-taldearen eskutik. Ergobitik abiatuko dira. (Euria eginez gero, 12:00etan pelotalekuan).
13:00 Plaza Dantzak, Joseba Barandiaran plazan.
Otsailak 8, astelehena
09:00-13:00 Dinamizatzailea KZ Gunean izango da laguntza emateko.
Otsailak 9, asteartea
09:30 Zilegi Eskola: gozogintza tailerra Zipotzan. 5 euro.
Otsailak 10, asteazkena
09:30 Zilegi Eskola, doan, Nabarra Oñatz kaleko AEKren lokalean: Benito Lertxundiren kantagintzari buruzko saioa. Izenematea: 607 610 687/astigarraga@aek.org.
Otsailak 11, osteguna
18:30 Zilegi Eskola, doan, Nabarra Oñatz kaleko AEKren lokalean: Benito Lertxundiren kantagintzari buruzko saioa. Izenematea: 607 610 687/astigarraga@aek.org.
19:30 Kaldereroetako entsaioa, Zipotzan.
Otsailak 13, larunbata
17:30 Kaldereroen konpartsa, Zipotza elkarteak antolatuta. Ergobiatik abiatuko da. Bukaeran, txorizoa eta barrikotea.
Otsailak 14, igandea
17:00 Antzerkia: Azken eguzkilorea. Sarrera: 2,50 euro. Euskal mitologia ardatz duen ikuskizuna.
Otsailak 20, larunbata
17:00 Animazio pelikula: Harri magikoaren bila. Sarrera: 2 euro.
Otsailak 22, astelehena
09:00-13:00 Dinamizatzailea KZ Gunean izango da laguntza emateko.
Otsailak 23, asteartea
18:00 Zine Foruma kultur etxean doan, Harituz elkarteak antolatuta. Fuerza mayor.
Otsailak 27, larunbata
10:30 Sagardo dastatzea Zapiain sagardotegian, pintxoak lagunduta. Izene­ma­tea: 943 55 05 75/info@sa­gardoa­renlurraldea.com. Prezioa: 10 euro.
20:00 Isilduriko emakumeen historia. Bertsolaritzaren sekretuak. Sarrera: 6 euro. Kultur etxean. Narrazio, bertso eta musika ikuskizuna, emakume ber­tsolarien lana eta emakume haien bizipenak ezagutzera emango dituena. Narratzailea eta bertsolaria: Jokin Labaien. Antzezle eta bertsolariak: Itxaso Paia eta Jokin Murua. Akordeoilaria: Idoia Noble.
*2016ko udal egutegian ekaineko hilabetean akatsak daude; udaletxean eta kultur etxean eskatu daitezke zuzenketak dauzkaten pegatinak.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!