Lurraldebusek, autobus gorriaren aldaketen berri eman zuen aurreko astean: geltoki berriak jarriko dira, Zikuñagakoa, adibidez, eta erabiltzaile gehien dituzten orduak indartuko dira. Aldaketa horien balorazioa egin nahi izan dute Hernaniko eta Astigarragako PSE-EEren bozerameileek, Ricardo Crespok eta Mikel Duranek, hurrenez hurren.
Prentsaurrekoan adierazi zutenez, «autobusen berrantolaketak bi herri hauetan ematen den zerbitzuaren kalitatea hobetuko du». Gainera, «neurri hauekin bizilagunen eskaerari erantzuna ematen zaie», beraien ustez. Izan ere, talde sozialistako zinegotziek «eskaeren berri» izan zuten bizilagunen beraien eskutik, eta Marisol Garmendia Mugikortasuneko diputatuari jakinarazi zizkioten, bilera batean.
Azterketa baten ondorio
PSE-EEko zinegotziek esan dutenez, «garraio publikoa giltza da lurraldeko mugikortasunean, eta beharrezkoa da zerbitzu ezinhobea ematea. Baina oreka puntua bilatu behar da, erabiltzaileen kostuen eta zerbitzuen kostuen artean. Diputazioak linea bakoitzaren azterketa sakona egin zuen, zerbitzua, batez besteko okupazioa eta kostua; eta berrantolaketa sakonaren beharra zegoela erabaki zuen», Crespo eta Duranek esan zutenez.
Hernanin, beste aldaketa bat
Horrez gain, Ricardo Crespo bozeramaileak beste aldaketa baten beharra ere adierazi zion Garmendia Mugikortasun diputatuari: «eskatu genien, autobus urdinak Hernanin egiten duen ibilbidean aldaketak egitea, ibilbide zirkularra izateko. Izan ere, Floridan hartzen duenak, adibidez, bi aldiz ordaindu behar du bidaia». Baina kontzesioei aurkeztutako errekurtsoak ebatzi zain daude, eta bitartean, ezin da aldaketarik egin», azaldu du Crespok.