«Joan den urtarrilaren amaieran, 2016ko aurrekontuak onartu zituen San Markoko Mankomunitateak. Aurrekontu horietan tarifen igoera ezarri dute. Errefusaren tarifa igo dute, baina bereziki organikoarena, hobaria ere kendu dutelako. Horrez gain, gastua proportzionalki ordaintzea onartu du Mankomunitateak, eta, horren ondorioz, gehien birziklatzen dugun herriak nabarmen galtzen aterako gara». Hori salatzeko elkartu ziren Luix Intxauspe, Xabier Arregi eta Jexux Leonet, Hernani, Usurbil eta Oiartzungo alkateak.
«Ez da bakarrik diru kopurua, atzean bultzada politikoa dagoela uste dugu»
Beraien ustez, «San Markoren tasen igoerarekin, berriro ere, gaikako birziklapenaren alde irmoki defendatu dugunak, besteena ordaintzen ari gara». 177.000 euroko gastuaz ari direla diote.
Gaia, epaitegietan
Horrez gain, jakinarazi dute: «2016ko aurrekontuei errekurtsoa jarriko diegu, 2014 eta 2015ean egin genuen bezala». Gainera, alkateek azaldu dutenez, «justiziak ere arrazoia eman digu. Izan ere, epaitegiek 2014ko aurrekontuen errekurtsoa onartu zuten, eta zerbitzuaren araberako ordainketa egitearen alde egin zuten». 2015eko errekurtsoari buruzko erantzunik ez dute oraindik, baina «dena alde» daukatela uste dute.
«Bultzada politikoa»
Azkenik, salatu dute: «ez da bakarrik diru kopurua, atzean bultzada politikoa dagoela uste dugu. Eta azken helburua errauskailua dela».