Hernaniko PSE-EEk prentsa-oharra bidali du Kiroldegiko gimnasioarekin gertatzen ari denari buruz bere iritzia helarazteko asmoz. Hasteko Hernaniko talde sozialistak nabarmentzen du «kiroldegiko gimnasioaren erabiltzaileak elkartzearen garrantzia», Udaleko ordezkariekin izandako elkarrizketan, «beraien interesak defendatzeko, eta gimnasioak dituen akatsak zuzentzeko asmoz».
Horrez gain, gogorarazi nahi du: «2016ko aurrekontuak onartzerakoan, Hernaniko PSE-EEk proposatu zuen Kiroldegiko makinen mantenurako partidan 3.400 euroko igoera egitea, 10.000 eurora arte. Baina, Bilduk erabaki zuen aurreikusitako 6.600 euroetan uztea».
«Sozialistek makinen mantenuari buruzko kexak jaso zituzten»
Gainera, prentsa-oharrean diotenez, «Ricardo Crespo bozeramaileak Ogasun batzordean azaldu zuen sozialistek makinen mantenuari buruzko kexak jaso zituztela». Eta bertan proposatu zuten «makinen mantenurako kontratu bat egitea, problemei aurre egiten saiatzeko soluzio gisa». Hernaniko PSE-EEren zuzenketa ez zen onartu: «gobernuko kideen aurkako botoekin, eta behin eta berriz errepikatzen ziren kexei buruzko abixuei kasurik egin gabe».