Guztira hiru pertsona atxilotu dituzte azkeneko bi egunetan Hernanin, bi gertaera desberdinen ondorioz.
Igande goizaldean, aurrenekoa
Igandean, goizeko 05:00etan izan zen aurrenekoa. Bi gizon Hernaniko etxetresna elektrikoen denda bateko kristala puskatzen saiatzen ari zirenean, udaltzaingoaren patruila batek harrapatu zituen. Bata, erraz geldiarazi zuen Udaltzaingoak, baina besteak ihes egin zuen korrika. Orduan, Ertzaintzaren beste patruila bat agertu, eta Urbieta kalean harrapatu zuen beste ustezko lapurra.
Atxilotuek 20 eta 31 urteko bi gizon dira, eta biek aurrekari polizialak dituzte. Orain, epailearen esku geratu dira biak.
Bigarrena, atzo
Hirugarren atxiloketa atzo izan zen, goizeko 01:00etan. Hernanitik pasatzen den AP-8 errepidean, Ertzaintzaren patruila batek ikusi zuen BMW markako kotxe bat abiadura oso baxuan zijoala. Gainera, gidariaren jarrera susmagarria ikusita, kotxea geldiarazi eta dokumentazioa eskatu zioten gidariari.
Zegokion ikusketak egin ondoren, Ertzaintza konturatu zen bastidorearen zenbakiak aldaketak zituela, eta manipulatua egotearen arrastoak zituela. Horregatik, dokumentazio faltsukeriagatik atxilotu zuten 35 urteko gidaria. Beste biak bezala, epailearen esku dago orain.