Herrian ikasiko duten txiki eta gaztetxoentzat, aurrematrikulazioa irekita

Kronika - Erredakzioa 2016ko urt. 30a, 01:00

ikasturtea aurrera doa, eta, urtero bezala, hurrengoa prestatzen hasi dira Urumea bailarako ikastetxeak. Aurre­ma­trikula ga­raia hasi zen as­telehenean Hernani eta Astiga­rragako eskoletan, eta otsailaren 5era arte egongo da izenematea irekita. Goizuetan, or­dea, otsailaren 15ean ireki eta 19an itxiko da, Nafarroako Gobernuaren aurrematrikula daten arabera.

Dena dela, momentu batean edo bestean gurasoek hartu beharreko erabaki bat da ikastetxea aukeratzearena. Eta horretarako, Urumea bailaran au­kera zabala dute haur eta gaz­teek herrian bertan ikasi de­zaten: Hernanin bost ikaste­txek eskaintzen dute Haur eta Lehen Hez­kuntza, eta  bik Derri­go­rrezko Bi­­ga­rren Hez­kun­tza; Asti­­­­­­garra­gan, Herri Eskolak 2 eta 12 urte bitar­teko hezkuntza es­kaintzen du, eta Goizuetan Xal­to Ikaste­txeak, 3 urtetik 13ra bitartekoa.

Hernanin, aukera zabala Haur, Lehen eta Bigarrren Hezkuntzako ikasketak burutzeko
Haur Hezkuntzan eta Lehen Hez­kuntzan ikasi behar dutenek, hau da, 2-12 urtekoek, Hernanin bost ikastetxe dauzkate aukeran: Elizatxo, Inmakulada, Urumea, Lan­gile eta Txirrita, Ereñotzun. Biga­rren Hezkuntzan, aldiz, au­kera txikiagoa da, bi ikastetxekoa: Inmakulada eta Hernani BHI. Azken honek bakarrik es­kain­­tzen du Batxilergoa herri­an ber­tan. Gainera, eskolen artean ba­daude desberdintasunak. Eli­za­txok, Inmakuladak eta Urumeak bi lerro dituzte, hau da, baimena daukate maila bakoitzeko bi gela ireki­tzeko. Bi urteko ikasleen ka­suan, gela bakoitza 18 haurretakoa izango da gehienez, beraz, Haur Hezkuntzako aurreneko mailan 32 plaza dauzkate bakoi­tzak. Langilek, ordea, hiru gela iza­teko aukera dauka, hau da, as­ko jota 54 ikasle onartu ditzake 2 urteko gelan.

Ereñotzuko Txirrita Ikaste­txea da bostetik bereziena.  
Aur­ten 62 ikasle ditu, 2-12 urte bitar­te­­koak, Lehen Hezkuntzako 6. maila arte. Jaiotza-tasaren arabera, 2 urteko sei ikasle berri izan­go dituztela aurreikusten du eskolako zuzendaritzak.

378 haur eta gazte hernaniar, aurrematrikulatzera deituta
Astelehenean, urtarrilaren 25­ean, hasi zen aurrematrikulara 378 haur eta gazte hernaniar dau­de deituta: 149 haur 2014ean jaiotakoak 2 urteko gelarako, eta 2004ko 229 gaztetxo, DBHko lehenengo mailarako.

Herrian bertan ikastearen garrantzia
Hernaniko Udalak herrian ikastearen garrantzia nabarmendu nahi izan du, eta honek dituen abantailak azaldu ditu: «merkeagoa da; erosoagoa da; seme-alaben heziketa hurbil-hurbiletik segitu dezakezu; ikastetxearen egunerokotasunean parte zuzena hartu dezakezu; seme-alabek herrian bertan lagunarte zabala izateko aukera dute; herriko jarduerak eta zerbitzuak eskura dituzte: eskola-kirola, kultur jarduerak, kiroldegia, kultur etxea, musika-eskola...; eta herritarrentzako aberasgarria da». 
Eta gainera, eskaintza «kali­ta­­­­tezkoa» dela diote: «euskalduna eta eleanitza, parte hartzailea, he­rrian txertatua, anitza eta inte­gratzailea, herriko eskolen ar­te­ko elkarlana bultzatzen due­na, ingurumena zaintzeaz ardu­r­­a­tzen dena...».

Astigarragan, lau gela irekitzeko aukera iaztik
Ikasturte honetatik aurrera lau lerro izateko baimena eskuratu zuen iaz Astigarragako Herri Es­ko­­lak. Horrela, aurrematrikulazio epean 69 plaza eskaintzen di­tuz­te 2014ean jaiotako 2 urteko haurrentzat. Denera, 88 ume jaio ziren urte hartan. 

Hezkuntza estilo propioa, Astigarragako Herri Eskolan
Astigarragako Udalak ere bertan ikastearen onurak azpimarratu nahi izan ditu, batez ere, «Herri Eskolak herrian hazi eta harremanak sortzeko ematen duen aukera». Horrez gain, Herri Eskolan hezkuntza estilo propioa dutela aldarrikatzen dute: «Euskera eta euskal kulturarekin konprometitua, elkarren errespetuan hezten duen eskola, ikasleekin banakako arreta, ikasleen etengabeko arreta, irakasleen etengabeko prestakun­tza, gurasoen partaidetza aktiboa, kudeaketa demokratikoa...». Gaine­ra, DBH Martuteneko Aran­tzazuko Ama ikastetxean jarrai­tzeko aukera luzatzen diete ikasleei.  

Goizueta eta Aranoko haurrek, izenematea otsailaren 15etik
Goizueta eta Aranoko haur askok Goizuetako ‘Xalto’ eskola publikoan ikasten dute 3-13 urte bitartean. Ikasturte honetan 73 ikasle daude, horietatik 56 goizuetarrak dira, eta 17 aranotarrak. DBHko 2.maila bukatzean, Leitzan jarraitzeko aukera ematen zaie ikasleei.
Kasu honetan, aurrematrikulazio epeak desberdinak dira, Nafa­rroko Gobernuak ezartzen dituelako: otsailaren 15ean hasiko da epea eta 19an bukatu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!