Bostonera zoaz denboraldi baterako. Nolatan?
Mutila han dago lanean, bi edo hiru urterako, eta berarekin bizitzera noa; beste esperientzia bat bizitzera, abentura gisa. Han beste bizitzeko modu bat dago, eta horretatik ikasi nahi dut, ingelesa ere bai… Esperientzia berri bat bezala planteatzen dut.
Herria, familia… eta atletismoa ere utziko duzu atzean, beraz.
Bai, hala da. Hara joateko arrazoietako bat horixe da, atletismotik pixka bat deskonektatzea. Eta momentuz ez dut ezer bilatu han. Aurrerago talderen batean sartzea ez daukat baztertuta, baina momentuz atletismotik deskonektatu nahi dut. Orain, nire bizitza pertsonala izango da lehentasuna, atletismoa beharrean. Ez dut atletismoarekin agobiatu nahi; hara joan, taldea bilatu, pista… Nahiago dut han ondo asentatu, eta etorkizunean ikusiko dugu. Edozein kasutan, bueltatzen naizenean berriz heldu nahi diot atletismoari. Segur aski, gogorra egingo zait atzean uztea errutina hori, entrenamenduena. Gorputzak mugitzeko eskatuko dit, zerbait egiteko.
«Azkeneko urteak ez dira errazak izan, nire gorputzak eta buruak deskantsua behar dute».
Beraz, ez duzu guztiz utziko?
Ez ez. Hau ez da agur bat, gero arte da. Pausa bat da nire kirol ibilbidean. Gero kostako zait berriz hasten, bi urtetan asko galdu dezakedalako. Baina kirola egiten jarraituko dut, gustatzen zaidalako kirola egitea.
Zergatik sentitzen duzu atletismotik deskonektatzeko behar hori?
Azkeneko urteak ez dira errazak izan, eta nire buruak eta gorputzak deskantsu pixka bat behar dute. Emaitzak ez dira atera, dena elkartu zaidalako: batetik, lanarekin ez edukitzea hainbeste denbora, atletismoari lehentasunezko tokia emateko; eta bestetik, lesioak. Aurreko urtearen erdia, adibidez, lesionatuta eman nuen. Eta guzti hori, maila absolutura pasatzearekin batera. Aurreko mailetan, errazagoa da emaitzak lortzea, baina maila absolutuan zailagoa da dena. Eta kosta egiten da goran egon eta, bat-batean, beherago ikustea zure burua.
«Rekuerdo politena, Donostian jokatu zen Espainiako Txapelketa da. Urrea eta errekorra lortu nituen etxean, 200 metrotan».
Absolutu mailara iritsi baino lehen, palmares izugarria osatu zenuen…
Momentuan ez dituzu baloratzen emaitzak; denborarekin konturatzen zara, zer lortu duzun. Ez nintzen kontziente zer zen Munduko Txapelketa batera joatea, edo Espainiako txapeldun izatea. Oso rekuerdo politak dauzkat urte guzti hauetaz. Momentu txarrak egon dira, baina onak gehiago izan dira. Orain konturatzen naiz, gauzak lortu ditudala; asko entrenatuta eta orduak sartuta, hori bai. Baina merezi izan du, batzuetan kontrakoa pentsatu arren.
Eta zein izan da denetan politena?
2010eko Espainiako Txapelketa, Donostian jokatu zena, junior mailakoa. 200 metrotan, urrezko domina eta txapelketetako errekorra lortu nituen. Eta 20 minutu beranduago, brontzea lortu nuen 60 metrotan ere. Berezia zen txapelketa, etxean izanda eta familia osoa eta lagunak bertan egonda.
Bi urtez geldituta, beste modu batera hartuko duzu bueltakoan, ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Gero, disfrutatzea izango da helburua. Azken batean, atletismoa egiten dut gustatzen zaidalako. Eta horregatik, pena ere ematen dit orain uzteak; 11 urte nituenetik nago atletismoan. Eta ingurukoek ere pena hartu dute, baina aldi berean pozik daude, badakitelako esperientzia pertsonal bezala, ona izango dela.
13 urte eman dituzu atletismoan. Nola hasi zinen?
Eskolan, mutilei irabazi egiten nien korrika, eta izeba batek esan zidan, Hernanin bazegoela atletismo taldea, eta probatzeko. Eta ordutik, gaur arte. Bereziki, eskerrak eman nahi dizkiot Hernaniko atletismo taldeari; beraiekin hasi nintzen eta beraiekin pasa nituen lau-bost urte. Eta eskerrak Miguel Angel Garin entrenatzaileari ere.