Bigarren urtez, uretara aterako du Maialen trainerua, Hernaniko Arraun Elkarteak. Larunbatean aurkeztu zuten, Iparragirre sagardotegian, trainerua osatuko duen arraunlari taldea, Hernaniko eta Tolosaldeko neskek osatua.
Juanjo Etxarte eta Jose Luis Perez Koteli izango dira entrenatzaileak, eta azaldu dute, aurtengo helburu nagusiak izango direla «proiektuari jarraipena ematea eta bertako kirolaren eta genero berdintasunaren alde egitea».
Sagardotegiaren kanpoaldean egin zuten taldeko argazkia, eta ondoren, denboraldi berriaren aurkezpena egin zuten barruan: «aurten ere, parte hartuko dugu Gipuzkoako Ligan, Gipuzkoako Txapelketan, Euskotren Ligako sailkatze estropadetan, eta Kontxako sailkatze estropadan», aurreratu zuen Batis Larburuk, klubeko kideak. Otsailaren 27an izango dute estreinakoa, Oriaren Jaitsiera.
«Neskak, ziur nago urte ederra egingo duzuela!»
Arraunlarientzat ere izan zituen hitzak Larburuk: «iaz urte polita egin zenuten; Gipuzkoakoan, hasiberrietan aurrenak; eta Kontxako sailkapenean, 8garren. Baina poz haundiena niretzat, izan zen klub nagusietako entrenatzaile eta delegatuek esaten zidatena: zuen neskek, benetan txukun eta ederki egiten dute arraun; baliteke indarra eta esperientzia faltatzea, gazteak direlako. Baina arraunean, txapo! Aurten, ilusio eta gogoz ari zarete lanean. Eta esperientzia pixka bat gehiagorekin, ziur nago urte ederra egingo duzuela!».
Eta eskerrak eman zizkien, taldearekin lanean ari diren guztiei; tartean, Iparragirre sagardotegiari, babesle gisa. «Bere garaian, antzekotasun asko ikusi genituen traineruaren eta gure sagardotegiaren artean, eta oso pozik gaude haren parte garelako. Horregatik, bigarren urtez egin dugu apustu bere alde», azaldu du Arantza Eguzkizak, sagardotegiko arduradunetako batek.
Ekitaldia borobiltzeko, guztien artean kantatu zuten, traineruari jarritako abestia. Hauxe estribilloa:
Boga boga, Urumean gora behera
Boga boga, sortuz gogor ubera
Boga boga, Urumean gora behera
Boga boga, laster goaz bandera astintzera!