Inauterien kolorea hartzen hasi da Hernani. Ostiraletik aurrera beteko dira mozorroz kaleak, asteartera bitarte. Eta hala iragarri dute joan den asteburuan: Kaldereroak atera ziren larunbat gauean, eta Iñude eta Artzaien konpartsa atzo eguerdian, kaleak hartu eta Inauteriei dei egitera.
Ostiralean izango da jaien hasiera ofiziala, arratsaldeko 15:15etan Plazan. Segidan, eskoletako umeak ibiliko dira kalez kale, txarangaren laguntzaz.
Eta ostiral arratsaldean bertan, haurrentzako jolasak, erraldoi eta buruhaundiak, Mexiko bandaren kontzertua eta pelota partiduak izango dira. Hortik aurrera, festak ez du etenik izango, asteartera bitarte.