Buruz buruko txapeldunak, Javier Urrizak, jaso du 2015eko Urrezko Erremonte saria, urteko erremontista onena nabarmentzen duena. Ostegunean eman zioten, Urrezko Erremonte Galan.
Iruñako aurrelariak, buruz buruko txapelaz gain, San Fermin torneoa ere irabazi zuen, eta txapeldunorde izan zen Masterrean, Binakako Txapelketan, Frontoi Motzekoan eta Nafarroako Txapelketan.
Galaren aurretik, gainera, torneo azkar bat ere jokatu zuten, eta Urriza bera nagusitu zen, Agirrezabalarekin, finalean 25-16 irabazita Barrenetxea hernaniarrari eta Utergari.
Koteto Ezkurra A multzoan, Matxin VI B multzoan
Erregulartasunaren saria ere banatu zuten ostegunean, eta Koteto Ezkurrak jaso zuen A multzokoa, 35,25 puntu lortuta partiduko, 40tik. B multzoko onena, berriz, Matxin VI izan da, 34,19 puntu lortuta.
Azkeneko saria, frontoi motzeko erremontista onenari ematen diotena, Xanti Utergak jaso zuen, lau torneo irabazi baititu aurten: Madrilgo San Isidrokoa, Gipuzkoako Foru Aldundiarena, Nafarroakoa eta Buruz Buruko Masterra.
Lau trofeoak, Gotzon Huegun eskultorearen lana dira, eta Orona Fundazioko ordezkariek banatu zituzten.