Dantzari, musikari, globero, piruletero, barkilero eta abarrek hartuko dituzte Hernaniko kaleak gaur. Eguerdiko 11:45etan hasita, Iñude eta Artzaien konpartsa ibiliko da kalez kale, Kaxkoan barrena, Plazan bukatzeko, ekitaldi nagusia antzeztuta.
Guztira, 250 laguneko konpartsa osatu du Urumea ikastolak; tartean, 50 dantzari, musikariak, eta garai bateko pertsonaiak.
Hasiera, ikastolan bertan
Urumea ikastolatik bertatik abiatuko da konpartsa, eta Sandiusterritik pasa ondoren, Plazara sartuko da, Elkano kaletik. Gero, Andre kaletik jaitsiko dira Plaza Berrira, eta Kale Nagusitik Zinkoeneara. Txirrita, Izpizua eta Urbieta kaleak zeharkatu, eta berriro sartuko dira Kale Nagusira, Plazara igotzeko. Bertan, Iñudeen haurrei txertoa eman, udaletxeko agintariei aurkeztu, eta beraien izenak erregistroan idatziko dituzte. Azken arin-arina dantzatu ondoren, ikastolara bueltatuko dira.
Musika Bandaren kontzertua, arkupeetan
Plazan bertan, Inauterietako kontzertua emango du Hernaniko Musika Bandak ere. Eguerdiko 13:15etan izango da, eta Tolosako Inauterietako kanta ezagunenak joko dituzte bertan. Guztira, 15 pieza eskainiko dituzte.