Astigarragan dauka bulegoa Sagardoaren Lurraldeak, baina ez da Astigarragako sagardotegien marka bakarrik. «Herri ezberdinen kolaborazioak osatzen du. Denok identifikatuko gaituen marka da», azaldu dute arduradunek.
Dokumentazioa, ikerketa historikoa eta kulturaren zabalkundea helburu
2012an sortu zen Sagardoaren Lurraldea marka, helburu jakin batekin: sagardoaren kultura sustatzea, eta horrekin lotutako eskaintza turistikoa bateratzea.
«Sagardoetxea Museoan bisita gidatuak badaude. Baina mugatua geratzen zen. Sagardoaren kultura sustatzeaz gain, hori gordetzeko ahalegina ere egiten dugu. Horregatik, dokumentazio zentroa ere badaukagu, eta ikerketa historikoa egiten da. Horretan oinarritutako esperientzia turistikoak sortu dira pixkanaka, eta horiek mugak zabaltzen dituzte: sagardoa ez da bakarrik Astigarragakoa; gure ondarearen parte inportante bat da». Hain zuzen, zabalkunde horren erakusgarri da lehengo urtean kolaborazio hitzarmena sinatu izana, Astigarraga, Hernani eta Usurbilgo alkateek. «Eta ateak zabalik ditugu».
Sagardo Ibaiak, Sagardo Bide berri bat
Zabalkunde horretan laguntzeko, hainbat pakete turistiko eskaintzen ditu Sagardoaren Lurraldeak: Sagardoetxeara bisita eta sagardotegi batean otordua (oinarrizkoa); Sagardoa eta Itsasoa (oinarrizkoa, eta Ternuara egiten ziren bidaietan sagardoa eramaten zela oinarri hartuta, Pasaiako Albaola Itsas Museora edo Mater itsasontzira edo Donostiako Aquariumera bisita egitea, eta badian buelta); Sagardoa eta Gazta (oinarrizkoa eta gaztandegi batera bisita); Santiagomendiko Sagardo Bidea ibilaldia (tolarea zuten baserrien historia ezagutzeko bidea); eta Sagardo Probaketak.
Aurten, gainera, Sagardo Ibaiak erakusketa jarri nahi dute martxan, sagardoaren garraioan Urumea eta Oria ibaiek izan duten garrantzian oinarrituta. «Sagardo Bide berri bat sortu nahi dugu horrela». Horrez gain, Astigarraga, Hernani eta Usurbilen barrena, Sagardoaren Lurraldean barrena, ibilaldia ere egingo da, apirilean.
Informazio gehiago: 943 55 05 75/info@sagardoarenlurraldea.com/www.sagardoarenlurraldea.com.