Dena prest daukate zomorroek Aranon, ihauterietarako. Datorren larunbatean ospatuko dituzte, eta urteroko plana prestatu dute, egunaz gozatzeko.
Aurreneko zita, Suron jarri dute mozorroek. Goizean goiz bilduko dira, 08:30etan, eta puxka biltzera abiatuko dira, auzoz auzo eta baserriz baserri, Izer eta Alabierren trikiti hotsek lagunduta: Suro aurrena, Arranbide gero, Benta Berrira joanen dira hurrena, Beheko Herri bixitatuko dute ondoren, eta herrian bukatuko dute buelta, eguerdiko 15:00ak aldean.
Orduan, bazkaltzera joanen dira elkarrekin, soziedadera, eta kantu saiorik ez da faltako bazkalostean!
Soziedadean bazkalduko dute zomorroek, puxka biltzea bukatzean.
Herri afaria eta kontzertua, gaueko plana
Arratsalde-iluntze partean, trikitilariek girotuko dute herria, poteoa egiteko. Eta ondoren, afaltzeko jarri dute zita, herritar guztiei irekia.
Soziedadean bertan izanen da herri afaria, eta kontzertua ere eskainiko dute ondoren, Garik eta Iñakik.