Urtero bezala, Buruntzaldeako Udalek saritu nahi izan dituzte, gidabaimenaren atal teorikoa euskeraz egin duten herritarrak. Eta horretarako, 400 euroko 11 sari zozketatu dituzte, guztien artean; horietako hiru sari, hernaniarren artean.
Horrela, herriko sarituak izan dira Enara Agirrezabal (Lagunak autoeskolan atera zuen gidabaimena), Mirella Becerra (Otamendi) eta Jon Zubillaga (Hernani). Datorren astean zehar jasoko dute saria, Hernanin egingo den ekitaldian.
«Uste duguna baino inportanteagoak dira horrelako egitasmoak»
Zozketaren ekitaldian, Koro Etxeberria Hernaniko euskera zinegotziak azaldu zuen, «uste duguna baino inportanteagoak» direla horrelako egitasmoak: «gazteek ikusiko dute, horrelako gauzak ere egin daitezkeela euskeraz, eta gainera, aberastu egiten du euskeraz egiteak. Baina noski, horretarako ezinbestekoa da autoeskolen inplikazioa. Zorionak eta eskerrik asko guztiei».
Buruntzaldeako 10 autoeskolak hartzen dute parte, tartean Hernaniko Lagunak, Otamendi eta Hernani.
2015ean, behera egin du atal teorikoa euskeraz egin dutenen kopuruak. 113 izan dira, iaz baino 27 gutxiago.
Edozein kasutan, egitasmoarekin jarraituko dute, eta maiatzean hasiko da 2016ko kanpaina.