Jose Joaquin Otañok zenbait azalpen eman nahi ditu, Sagardo Berriaren Eguna dela eta, egon litekeen nahasmenaren aurrean. Txotxaren Irekiera ekitaldia egiteko sagardotegiaren aukeraketa rotatiboa izan da hasieratik; beraz, ez gaude gauza berri baten aurrean. 1994 urtean, bere etxeko ateak ireki zituen lehenengo aldiz Jose Joaquin Otañok, Txotxaren Irekiera ekitaldia bertan ospatzeko; herriko sagardogileek eta Astigarragako Udalak hala eskatu zioten. Ekitaldi hau, Astigarragako sagardotegi ezberdinetan era rotatiboan egiteko jaio zen, honela, herria bultzatuz, Astigarragari eta festari izaera berezia emango ziolakoan.
Sagardun Patzuergoa sortu aurretik, irekiera ekitaldi hau behin baino gehiagotan egin da Petritegi sagardotegian, ekitaldia bere sagardotegian ospatzeko beste hautagairik ez zegoelako. Eta beti, beste sagardogileek eta Astigarragako Udalak hala eskatuta.
2003 urtean Sagardun Patzuergoa sortu zen. Petritegi sagardotegia hasieratik izan da Patzuergoko partaide, beste sagardotegi, herriko kultur elkarte eta Udalarekin batera. Beste zenbait lanen artean, Patzuergoari eman zitzaion Txotx Irekiera ekitaldiaren (gaur egun Sagardo Berriaren Eguna) antolatzeko ardura. Ekitaldiaren izaera rotatiboa mantendu zen. Honen adibide dugu 2003, 2007, 2014 eta 2015 urteetan, eta inolako arazorik gabe, Astigarragako beste sagardotegi batzuetan festa hau ospatu izana. Gainerako urteetan, berriz ere, Petritegi izan zen ekitaldiaren egoitza, arrazoi ezberdinengatik, beste hautagairik ez zelako aurkeztu. Jose Joaquin Otaño Astigarragako festa honen izaera eustearen alde egon da beti: festa rotatiboa eta herrian bertan izatea.
Jose Joaquin Otaño Goikoetxea (Petritegi Sagardotegia)