Euskal Herriko elkarteen arteko txapelketa irabazita, Euskal Herriko titulu berrien bila abiatuko dira palista hernaniarrak asteburu honetan.
Batetik, gomazko paletako elite mailako txapelketa hasiko da gaur, 16:00etan Azkoitian, eta bestetik, Euskal Herriko irekia, bigarren eta aurreneko mailan, 16:00etan Etxarrin eta Mallabian. Guztira, 52 palista inguru ariko dira, eta tartean, hernaniarrak.
Elitekoa Azkoitian, otsailaren 26ra arte
Elite mailan ariko dira, A taldean, ondorengo bikoteak: Pradera-Ruiz de Larramendi, Irazustabarrena-Etxaniz, Araiztegi-Agirre eta Muneta-Huizi; eta B mailan: Arrizabalaga-Arrieta, Garmendia-Saez, Martin-Eizmendi eta Aristorena-Isasmendi. Bi taldeetako aurreneko bi sailkatuek jokatuko dituzte finalerdiak, otsailaren 20an, eta finala otsailaren 26an izango da.
Euskal Herriko irekia, martxora arte
Euskal Herriko irekia ere gaur hasiko da, eta Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroan jokatuko dira, bi mailatan. Aurreneko mailako finala otsailaren 26an jokatuko da, Elitekoarekin batera, eta bigarren mailakoa, martxoaren 6an.