Gipuzkoako batel liga

Kronika - Erredakzioa 2016ko urt. 30a, 01:00

Goiz xamar izan daiteke oraindik, denboraldia nola joango den asmatzeko, baina Jon Iruretagoiena eta Ainhi­tze Kalonjek entrenatzen dituzten neska-mutilak ha­siera bikaia eman diote Gipuzkoako Batel Ligari.
Bihar jokatuko dute lau­garren jardunaldia, 10:00etan Trintxerpen, eta beste 11 es­tropada geratzen zaizkie.

Hasi berria da Gipuzkoako Batel Liga, eta dagoeneko, garaipenen bat izan da tarteko. Indartsu daude arraunlariak?
Indartsu baino, gogotsu. Lan txukuna egin dugu neguan, eta kategoria guztietan ikus­ten ari da.

Badirudi Getaria eta Orio izan daitezkeela aurkari gogorrenetakoak. Zer falta zaio Hernaniri, horiei irabazteko?
Ez dakit zuzeneko aurkariak horiek diren. Kategoria ba­koi­tzak dauka bere arerioa. Egia da jubenilek garaipen bat lortu dutela, eta bestee­tan, getariarrak izan direla aurrenekoak. Jubeniletan bai, zuzeneko aurkariak dira. Baina oraindik 3 estropada bakarrik jokatu dira, eta denbora gehiago behar dugu, aurkariak zein izango diren ikusteko.

«Erronkak zein diren denborak esango digu. Argi dago nagusia dela, talde guztiek liga jokatzea, eta beraien onena ematea»

Aurrena Gipuzkoako Batel Liga, ondoren, trainerillak, Udaberriko Liga... Erronkarik zehaztu al duzue denboraldirako?
Erronka horiek zein diren denborak esango digu. Argi dago nagusia dela talde guztiek liga jokatzea, eta beraien onena ematea. Ga­raipena ere etorri da, eta pozik gaude.

Diferentzia haundia dago liga batetik bestera?
Gipuzkoako Batel Liga api­rilean bukatzen da, eta gero, trainerillak hasten dira. Baina hemen jubenil eta seniorretako neska-mutilak aritu daitezke, eta infantil eta kadeteentzako, Udaberriko Batel Liga hasten da.
Esango nuke ia-ia kirol ezberdinak direla! Batela oso teknikoa da, arina, jende arinarentzako. Trainerillak eta traineruak, berriz, beste maila bat eskatzen dute, bai fisikoki eta baita teknikoki ere.

Arraunlarien teknikan, indarrean, talde-lanean... nabaritzen al da, dagoeneko, progresiorik?
Noski. Batez ere bateletan, asko nabaritzen da aurreko urteetako lana. Lau arraun­lari batera aritzen badira urte askotan, azkenean, batel hori ibili egiten da. Azken ur­teetan Hernanin lan txukuna egiten ari da kategoria ba­juenetan.

Maialen trainerua uretaratzeak ere izango du eraginik, arraunlari gazteak motibatzeko. Pasa al zaizue burutik mutilen trainerua ere ateratzea?
Argi dago nesken trainerua uretan edukitzeak klubari asko ematen diola, gazteak motibatzeko garaian. Baina baita herria bera motibatzeko ere. Ez dakit zer den, baina zerbait ematen dio.
Mutilen traineruari da­gokionez, berriz, oso zaila da galera horri erantzutea! Her­nanin ez daukagu itsasorik, eta ibaian traineruarekin ibil­tzea ez da posible. Neskek Pasaian entrenatzen dute. Beste klubek ez daukaten han­dicap bat dauka Herna­nik.

Gipuzkoako Batel Ligan 8 batelekin ari zarete. Gehiago ere badauzka Hernanik?
Ligan 8 batel dauzkagu, bai. Baina ligatik kanpo ere beste batzuk uretaratzen ditugu, arraunlari guztiek arraun egin dezaten.

Harrobia badago orduan...
Harrobia? Bai! Lasai gaude, zentzu horretan!

Gipuzkoako Batel Ligan, Hernaniko 8 batel
- Promesa neskak: bi talde.
- Infantil mutilak: talde bat.
- Kadete mutilak: bi talde.
- Absolutuak neskak: talde bat.
- Jubenil mutilak: bi talde.

*Jubeniletako aurreneko taldeak lortu du aurreneko garaipena: aurrenekoa izan zen lehengo larunbatean, Donibane Lohizunen, eta bigarren egin zuen igandean, Pasaian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!