Eh Bilduk asteazkenean emandako prentsaurrekoan salatu zuen, otsailaren 1eatik aurrera A3 linea kendu egingo duela Aldundiak; hau da, Astigarraga, Ospitaleak, Miramon, Unibertsitateak eta Antiguako auzoa lotzen dituen linea. Prentsaurrean azaldu zutenez, azkenean EH Bilduk esandakoa gertatu da: «otsailaren 1etik aurrera, A3 linea kenduko du Aldundiak, inor kontuan hartu gabe. Beraz, astigartarrok Gipuzkoako garraio zerbitzuan egingo den aurreneko murrizketa jasango dugu». Azaldu zutenez, EAJ eta PSE-EEren Aldundiak hasieratik izan du A3 linea jomugan: «Mugikortasun Diputatuak iraileko Batzar Nagusietako agerraldian hizpide izan zuen A3 linearen defizita, eta iraileko Plenoan abisua eman genion Udal Gobernuari».
EH Bilduk azaldu zuen baita ere, urrian jakinarazi ziotela Udal Gobernuari A2 linean arazoak zeudela: «Udal Gobernuak ordea, Diputazioarekin adostuta, isilpean, beste arazo bat sorrarazi zuen: A3 lineako 7:25etako autobusa kendu zuen. EAJk eta PSE-EEk ‘lorpen’ eta ‘zorioneko’ moduan zabaldu zuten lau haizetara erabaki hura».
«Erabiltzaile kopuru eskasa izan zen argudioa»
EH Bilduk azaldu zuen, argudioa erabiltzaile kopurua izan zela: «erabiltzaile kopuru eskasa izan zen argudioa autobus hori kentzeko, gehienez, erabiltzaile bakarra zutela esateraino». Datu horiek berresteko asmotan, EH Bilduk, urriaren 26an, Aldundiko erregistroan datuak eskatu zituztela azaldu zuen: «hiru hilabeteren ondoren, ez dugu erantzunik jaso. Hemendik, Aldundi berriaren gardentasun eza; jasandako mespretxua ozen salatu nahi dugu». Datuak Batzar Nagusietako EH Bilduko ordezkariei esker lortu zituztela azaldu dute: «informazioa eta datuak bestelakoak dira. 07:25etako autobus hori, 08:25etako autobusarekin batera, gehien erabiltzen zen zerbitzua zen. Berriz, ere, EAJ eta PSE-EE gezurretan. A2 lineako arazoari soluzioa eman bai, baina beste linea bateko erabiltzaileak kaltetu dituzte. Orduan eman zioten kolpeari esker, azkenean, A3 linea kentzea ahalbidetu dute. Erabateko ‘txapuza’».
Prentsaurrean azaldu zutenez, argi dute A3 linea indartu eta bultzatu beharreko autobus zerbitzua dela: «oso zerbitzu berezia egiten duen autobusa da. Astigarraga lotzen du Ospitaleekin, Miramonekin, Unibertsitateekin eta Antiguako auzoarekin (Ogasuna, Trafikoa, Erregistroa, hondartza...). Gainera, erabiltzaile gutxi izan arren, kopuruak gora egiten jarraitzen zuen azken hilabeteetan. Eta gorakada hori egon arren, zerbitzua kentzea erabaki dute. Gainera, ez da komunikazio kanpainarik egin herrian A3 zerbitzua gehiago ezagutarazteko: ikasleei, langileei, gaixo edo adinekoei... Donostialdeko herri bakarra izango da ospitaleekin loturarik izango ez duena. Guztia, Udalaren erabateko pasibitatea medio».
Mozioa, Udalean
Udalean mozio bat aurkeztuko dutela jakinarazi zuten: «mozioan eskatuko dugu Udalak Diputazioari eskatzea A3a bere osotasunean berriz ere martxan jartzea. Mugikortasun Batzordea berehala deitzea ere eskatuko dugu».
«Sagoardotegietara joateko autobus zerbitzu berria jarri dela prentsan jakin dugu»
Bestalde, azaldu zuten, prentsan jakin dutela sagardotegietara dijoazen pertsonentzako autobus zerbitzu berriak jarri direla: «Udala ere, gardentasun ezaren marka guztiak ari da hausten. Eskuartean dugun informazioaren arabera, Udalak 17.000 euro ordaindu beharko ditu zerbitzu gehigarri honengatik: 5.000 Behemendiri sagardotegietara joan-etorria egiteko, eta 12.000 Lurraldebusi, astelehenetik ostegunera, gaueko bi zerbitzu eskaintzeagatik. EH Bildutik Behemendiri zerbitzua ordaintzea begi onez ikusten dugu, baina onartezina iruditzen zaigu Lurraldebusi 12.000 euro ordaindu behar izatea, beste aldetik, astigartarrentzako diren zerbitzuak murrizten diren bitartean».
EH Bilduk dio, argi dagoela EAJren lehentasunekin ez datozela bat: «gure ustez, lehenago dago herriko langile, ikasle eta adinduentzako garraio publikoa babestu eta ahal den neurrian indartzea, sagardotegietara dijoazen autobus zerbitzuak martxan jartzea baino».
Proposamena, Santiomendirako
Bestalde, EH Bilduk jakinarazi zuen, Santiomendi eta herria lotuko dituen garraio zerbitzu egonkorra martxan jartzeko proposatuko duela: «kostea 5.000 eurokoa izango da, urte osoan, abuztuan, izan ezik. Egunean jaisteko eta igotzeko bidai bana izango litzateke».