«Margoaren kontzeptuarekin jolastea zen nire helburua»

Kronika - Erredakzioa 2016ko urt. 30a, 01:00

Otsailaren 5etik 9ra ospatuko dira inauteriak Hernanin, eta hori iragartzeko kartel lehiaketa antolatu zuen Udalak. Biga­rren urtez, Rubén Lucas mur­tziarraren kartela izan da gairailea: «egia esan ez nuen es­pero berriz ere iazko zortea izan­­go nuenik; Hernaniko he­rri­ari eskerrak eman nahi dizkiot berriz ere aukera hau emateagatik».

Espainiako proiektu askoren egilea
Lucasek diseinatzaile lanak egi­ten ditu, baina berak ez du bere burua «diseinatzaile» gisa deskribatzen, nahiago du esan «paper-pegatzailea» dela. Azke­nal­dian proiektu dexente aur­kez­tu ditu lehiaketa desberdinetan: «Espainia mailan, proiektuak prestatzen aritu naiz az­kenaldian, eta egia esan zorte haun­dia izaten ari naiz eta nire lanek kontatu dute jarduera batzuk iragartzeko», azal­­­­­­du du Lucasek.

Rubén Lucas murtziarrak lehiaketa irabazten duen bigarren urtea da.

Teknika digitalarekin egindako kartela
Aurtengo inauteriak iragartzen dituen kartelean bi elementu nagusitzen dira, argi eta garbi: antifaza eta kolore biziak dira. «Margoaren kontzeptuarekin jolastea zen nire helburua. Izan ere, nire ustez inauterietako mozorroetan oinarrizko elementua da», dio egile murtziarrak. Aurreneko ideia buruan zuela, paperean nola jarri pen­tsatu behar zuen, eta azkenean «teknika digital bat» aukeratu zuen horretarako.

«Inauterietako mozorroan oinarrizko elementua da margoa».

Inauterien zalea
Diseinatzaile murtziarra inauterien zalea dela onartzen du: «Noski ospatzen ditudala inauteriak, gainera, garrantzitsua da atseden egunak hartzea eta maite duzun jendearekin pasa­tzea. Horrez gain, pertsonalki us­te dut behar-beharrezkoa de­la jai hau, bereziki, hainbestentzako garai txarra izaten ari denean. Askotan esaten den bezala: irribarre egitea mun­duaren aldaketan lagun­tze­ko modu egokiena da». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!