Gimnasioaren egoeraz hitz egiteko, bilera deitu zuen Udaleko kirol sailak, astelehenean, erabiltzaileekin. Eta ez da bakarra izango: komisio bat sortzea erabaki zuten bertan, hilero bildu eta gimnasioko arazoak eta beharrak tratatzeko. Komisio horretan egongo dira, gimnasioko erabiltzaileen ordezkariak, Udal ordezkariak eta departamenduko burua. Hileko hirugarren astelehenean bilduko dira.
«Ikusi duguna da, honek guztiak balioko duela funtzionamenduan hobetzeko», azaldu du Esti Aldeiturriagak, kirol zinegotziak. Bileraren irakurketa positiboa egin du: «lagunduko digu, erabiltzaileei zerbitzu hobea ematen».
Erabiltzaileen kezkak, mantenimenduaren inguruan
Asteleheneko bileran, bertaratu ziren erabiltzaileek agerian utzi zituzten beraien kezkak, gimnasioko mantenimenduaren inguruan: makina hondatuak ez direla konpontzen denbora luzean, instalazioen egoera txarra, harreran aurkeztutako kexei kasurik ez egitea... «Aurreko legegintzaldi osoan ez zenuten makina berririk jarri», kexatu zen erabiltzaile bat; «monitorerik ere ez dago, erabiltzaileoi lagundu eta gidatzeko», beste bat. Eskatu zieten Udaleko eta kiroldegiko ordezkariei, makinak berritu eta konpontzerakoan, kontatzeko erabiltzaileekin ere.
«Hainbat gai aztertu ziren bertan. Tartean, eta batez ere, gimnasioko mantenimenduaren inguruan hitz egin genuen», azaldu du Aldeiturriagak.
Erabaki dute, bertan azaldu ziren gai desberdinak bileraz bilera tratatzen joatea.
«Bilatuko dugu komisioa hetereogeneoa izatea»
Komisio hori, momentuz, gimnasioko erabiltzaileekin hasiko da, baina aukera eman dezake etorkizunean gehiago zabaltzeko, azaldu dutenez. Hori bai, bilatuko dute «komisioa hetereogeneoa izatea, bai parekidetasunaren ikuspuntutik, bai erabiltzaileen adinari dagokionez...».
«Honek aukera emango digu, Udalaren barne funtzionamenduan dauden hutsuneak lantzeko»
«Balorazio positiboa» egin du Udalak: «alde batetik, batzordea eratzeak arazoak identifikatu eta soluzioak bilatzen lagunduko duelako. Eta bestetik, Udalaren barne funtzionamenduan dauden hutsuneak azaldu direlako, eta horiek lantzeko aukera ere emango duelako», dio kirol zinegotziak.