Erabaki du Xalaparta elkarteak, zein izango den 2016ko Hernaniar Bikaina. Igandean egin zuten urteko Ohiko Batzarra, eta bazkide guztien adostasunez hautatu zuten Hernani Errugbi Elkartea, aurtengo saria jasotzeko.
Bi urtean behin ematen dio Hernaniar Bikaina saria Xalapartak, herriko pertsona edo talde bati. Horren bitartez, «herriaren alde egindako lanaren aitortza xume bat» egiten diote elkarteko bazkideek.
«Xalapartako bazkideok ere, aitortu eta goratzen dugu errugbi elkartearen lana»
50 urte bete zituen errugbi elkarteak, joan den urtean. Eta urteurren borobila aprobetxatu du Xalapartak, taldearen lana errekonozitzeko: «urteotan, milaka pertsonak hartu dute parte klubean. Errugbi taldea guztiz txertatua dago hernaniarron artean, eta oso estimatua da, egiten duen kirol eta lan pedagogikoagatik. Horrez gain, aitortua da herrian, Euskal Herrian eta nazioartean ere. Eredua da guretzat», nabarmendu dute.
«Behe-behetik hasita, bertako kirolariak oinarrian dituela, eta kobratzen ez duten lagun askoren ahaleginarekin, maila haundieneko errugbi taldeekin jokatzen du. Beraien lana, kirol munduko talde askok aitortu eta goratzen dute. Xalapartako bazkideok ere bai. Hori guztiagatik, guztion adostasunez erabaki dugu errugbi elkartea izendatzea 2016ko Hernaniar Bikaina».