Txotx denboraldirako ondo baino hobeto prestatuta daude Ipintza sagardotegian; «urte guztian martxan aritu gara, eta motorrak ondo engrasatuta dauzkagu», dio Agin Laburuk.
Urte osoan irekita izan duzue sagardotegia, baina zerbait berezia prestatu al duzue txotx denboraldirako?
Gabonetan deskantsatu dugu, baina martxan jarraitu dugu segidan, eta erabaki dugu udazkeneko menua, 12 eurokoa, urtarrilaren bukaerara arte mantentzea. Eta orain, denboraldiarekin, sagardotegiko ohiko menua ere badaukagu, 28 eurotan, eta murriztua, 20 eurotan.
Biharko, berriz, bertso-bazkaria antolatu duzue. Ipintzako bereizgarria ote?
Urtero egiten dugu, bai. Ipintza ireki genuenean hasi ginen.
Bestelako bereizgarririk ere badaukazue...
Gurea bodega txikia izanda, inportantzia berezia ematen diogu janariari.
Txotx denboraldiaren helburuetako bat da, ordea, jendeak sagardoa probatzea. Lortzen al da gero, botilatik kontsumitzea?
Guretzako lotuta dauden arren, jendearentzako bi mundu oso desberdin dira txotxa eta botila. Erritmo diferentean funtzionatzen dute. Lehen astez probatzera etortzen zirenak jaitsi egin dira. Modak aldatu dira. Oraindik gustatzen da, baina gutxiago. Gaur egunean, jendearen zati haundi bat ez dator sagardoa probatzeagatik.
Jakiak erakartzen du orduan, jendea?
Ondo jatea inportantea da, eta horri garrantzia ematen diogu. Akto soziala da, sagardotegia jatetxe batetik bereizten duena. Horrek egiten du berezi. Jatetxe batean, 20 laguneko mahai luze bateko denek ez dute hitz egiteko aukerarik, baina sagardotegian bodega dago, jendearekin harremantzeko; denekin egiten da topo! n