«Lagun arteko jardun horretarako aproposa da gurea»

Kronika - Erredakzioa 2016ko urt. 16a, 01:00

Martxan jarri dira, dagoeneko, Astigarragako Gurutzeta sagardotegian. Asteazkenean ireki zuten txotx denboraldia, eta ateak zabalik dituzte, sagardo berria probatzera animatzen direnentzako.
 
Aurtengo sagardo berria ere, on askoa izango da, ezta?
Aurrena, udaberri euritsua izan dugu. Gero, udara, lehorra. Eta udazkena, beroa. Oso uzta ona izan dugu, baina alea txiki xamarra, eta azkar etorri da. Barietate batzuk bi aste aurreratu dira. Horrela, sagardoak atera dira gorputzekoak, ilunxeagoak, edan errazak eta txinpartadunak. Ederrak!

Txotx denboraldian jende asko espero duzue?
Aspaldiko joera da asteburuetan etortzea, baina pentsatzen dugu, aurten, Kultura Hiriburua dela eta, astean zehar ere jende gehiago etorriko dela, batez ere, atzerrikoa.

Betiko bezeroak ere izango dira, noski.
Saiatzen gara horiek ere erakartzen. Aste barruan etortzen direnak, ordea, zahartzen ari dira, eta gazteak gutxiago animatzen dira. Garai batean astean zehar edozein ateratzen zen poteatzera, eta gero, sagardotegira. Orain, gutxiago.

Sagardogile asko inguruan eta, zer daukazue zuek, berezia?
Alternatiba franko dauzkagu. Merke eta ondo afal­tzeko, 22 euroko menua daukagu, aste­lehen, astearte eta ostegunetan. Garai bateko giroa probatzeko eta ondo jan eta edateko, berriz, asteazkenetan etortzea onena, otxotea izaten baita, kantuan. Lagun arteko jardun horretarako ere, sagardotegi aproposa da gurea. Nik zutik jatea gomendatzen dut; batekin eta bestearekin hitz egin, jendea ezagutu, sagardoa elkarrekin dastatu eta baloratu... Horixe da txotx denboraldiak eskaintzen duen politena! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!