Lanean buru-belarri ariko zarete dagoeneko, ala sagardoa egiteko garaian izaten da gehiago?
Orain, txotx denboraldian, gehiago. Nahastuagoa da, kezka gehiago izaten dira. Sagardoa egitean, gogoan dauzkazu sagarra eta tolarea. Orain tentsio haundiagoa izaten dugu.
Nola dator aurtengo sagardoa?
Erabat hemengo sagarra erabili dugu. Goierrikoa. Ondo datorrela ematen du: gozoa eta mikatz puntukoa. Kolorez ere, lasto kolorekoa datorrela ematen du. Baina orain sagardoak berdintzen ari diren garaia da; gero ea botilakoa nola geratzen den.
Asko aldatu da sagardoa egiteko modua?
Baserrian beti egin izan dugu. Gero, sagarra nola gehiago izaten zen, Altzuetara eramaten genuan. 88an egin genuen aurreneko txotx irekiera. Garai batean, berriz, aurreneko sagarrekin zizarra egiten zen; umeentzako, berriz, pitarra; eta barrika batzuk, ondo zaindutakoak, botilaratzen ziren. Lehen sagardo garratzagoak, gorputz gehiagokoak onartzen genituen, eta orain, suabeagoak, azidez gutxiagokoak nahiago ditugu.
Nola gozatzen da txotxaz, ondoen?
Norberak ikusi behar du gorputza nola duen. Baina tragoak motxean eta behar direnean hartzea da onena. Gainontzean, saiatzen gara genero ona ematen, laguntasuna eta goxotasuna ematen, ustez sagardo hoberenarekin!