Txotx denboraldiaz gozatzeko gonbitea, erasotu, txikitu eta zikindu gabe

Kronika - Erredakzioa 2016ko urt. 16a, 01:00

Gozatzeko deia eta gonbitea luzatu diete herri­tarrei, eta kanpotik datozenei, Hernaniko Udalak, Berriak merkatari eta ostalarien elkarteak, eta Kaxkoko auzo elkarteak. Gozatu bai, baina errespetuz jokatu ere bai. Eta horregatik, gogoratu dute ondo pasatzeko, txikitu, erasotu edo zikindu beharrik ez dagoela.
Txotx denboraldirako, bi kanpaina jarri dituzte martxan: batetik, kale garbiena abiatu du Kaxko elkarteak, Berriaken eta Udalaren laguntzarekin; eta bestetik, eraso sexisten kontrako sentsi­bilazioa bultzatuko dute Udalak eta Berdintasun Kontseiluak, Berriaken elkarlanarekin.

«Errespetua eskatzen dugu, ondo pasatzea, atseden hartzea eta herria txukun egotea bateragarriak izan daitezen»
Txotx garaiaren harira, mezu bat helarazi nahi izan du Luis Intxauspe alkateak: «txotx garaia hemen daukagu berriz ere, eta datozen asteotan, bazter guztietatik jende ugari etorriko da, gure lurral­de­aren altxorretako bat, sagardoa, dasta­tzera. Eskuzabaltasunez eta atsegin haundiz jartzen dugu denen eskura, Hernanin daukagun onena: sagardoa, tolareak eta sagardotegiak, gure herrian eta gure izaeran txertatuta dagoen tradizio haundiko ohitura».
Horretarako, autobus bereziak jarri dituzte ostiral eta larunbatetan, Zinkoeneatik abiatu eta Osiñagara joateko.
Baina gozatzearekin batera, errespetuaren garrantzia nabarmendu du alkateak: «errespetua eskatzen dugu, bisitariek ondo pasatzea, bizilagunek atseden hartzea eta herria txukun egotea bateragarriak izan daitezen».
Modu berean, eraso sexisten kontrako kartelak ere jarri ditu Udalak herrian zehar, Berdintasun Kontseiluarekin batera.

«Soinua eta zikinkeria dira arazo nagusiak»
Kaxko elkarteak, bere aldetik, kale garbien kanpaina abiatu du, Udalaren eta Berriaken elkarlanarekin, eta zazpi kartel desberdin jarriko ditu herriko hainbat puntutan: «soinua eta zikinkeria dira arazo nagusiak, eta txikizioak ere izaten dira: ateak, kristalak... Horregatik, jendea kontzientziatzeko kanpaina abiatu dugu», azaldu du Alberto Blancok, elkartearen izenean.
Udalaren tabloietan jarriko dituzte kartelak, eta bizilagunak animatu dituzte, etxeko balko­ie­tan ere jartzera. Eta kanpaina ez bada nahikoa, neurri zorrotzak hartzeko eskatu diote Udalari.

«Ondo pasatzeko, ez da txikiziorik egin behar»
Bi kanpaina horiekin bat egin du Berriak elkarteak ere: batetik, tabernetan jarriko dituzte kartelak, «eraso sexisten kontra sentsibilizatzeko», Mertxe Jime­nez elkarteko ordezkariak azaldu duenez; eta bestetik, dendetan Kaxko elkarteak egindakoak.
Izan ere, merkatari eta ostalarientzako garai garrantzitsua izan arren, «kontziente gara kaltetutako jendea dagoela, eta elkarlanean aritu behar garela arazoak konpontzeko», azaldu du Jimenezek.
Bestalde, eta aurreko urteotan bezala, neurri bereziak hartuko dituzte garbiketarako: «otsaile­ko azken bi asteburuetan, eta martxoko guztie­tan, bi pertsona kontratatuko ditugu, garbiketa berezia egiteko. Behin eta berriro pasatzen dira kaleetatik, beira zatiak kenduz eta garbituz, kalea txukun mantentzeko, iluntzean hasi eta goizera arte», aurreratu du Jimenezek.

TXOTX DENBORALDIKO AUTOBUSAK

Zinkoenea-Osiñaga
Zinkoeneako geltokitik abiatu, eta Osiñagako sagardotegietatik pasatzen  da autobusa: Itxas-Buru, Otsua-Enea, Olaizola, Altzueta, Iparragirre, Elorrabi eta Goiko-Lastola.

Urtarrilaren 15etik otsailaren 13ra
Ostiraletan.
Joan: 21:00.  Etorri: 00:00
Larunbatetan.
Joan: 14:00 eta 21:00.  Etorri: 18:00 eta 00:00

Otsailaren 19tik martxoaren 19ra
Ostiraletan.
Joan: 20:30, 21:00 eta 21:30.  Etorri: 23:30, 00:00 eta 00:30
Larunbatetan.
Joan: 13:30, 14:00, 14:30, 20:30, 21:00 eta 21:30  
Etorri: 17:30, 18:00, 18:30, 23:30, 00:00 eta 00:30

Martxoaren 25etik apirilaren 30era
Ostiraletan.
Joan: 21:00.  Etorri: 00:00
Larunbatetan.
Joan: 13:30, 14:00, 20:30 eta 21:00
Etorri: 18:00, 18:30, 23:30 eta 00:00

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!