TXOTX irekiera-ekitaldia egingo da gaur eguerdian, eta gero, Altzuetan egingo duzue bazkaria. Nolatan?
Bere garaian erabaki zen sagardotegi desberdinetan egingo zela bazkari hori. Guk beti izaten genuen arazoa sagardotegia ez genuelako prest irekierarako. Eta aurten dena nahiko preparatuta genuenez, gure burua eskaini genuen bazkaria hemen egiteko. Aurreneko aldia da hemen egiten dena.
130 lagun elkartuko zarete. Nolakoak izan dira prestaketa-lanak?
Azkenean, guk urtarrilaren 30ean irekitzen dugunez, lana pixka bat aurreratu egin behar izan dugu. Dena den, beti ematen du lan asko denboraldiaren hasierak.
Irekiera haundia egingo duzue, baina nolako denboraldia espero duzue?
Nik sentsazio ona daukat. Komunikabideetan azaltzen da jendea kontentuago dabilela erosketak egiten, eta pentsatzen dut hori ere sagardotegietan nabarituko dela.
Aurtengo txotx denboraldiaren aurkezpenean, uzta ona izan zela esan zenuten.
Iaz aukera gutxi egon zen barietate aldetik. Orduan, arazo gehiago izan genituen sagardoa guk nahi genuen moduan egiteko. Aurten, aukera zabalagoa izan da, bai barietate aldetik, baita fruitu aldetik ere. Horregatik, usainak oso garbiak eta oso afrutatuak atera dira. Oso gustura gaude aurtengo uztarekin.