Gure Esku Dago dinamikak etengabe martxan jarraitzen du, eta bi zita zehaztu dituzte datozen hilabeteetarako. Batetik, abenduan bertan behera geratutako kriseiluen gaua antolatzen ari dira martxorako. Bestetik, herri antzerkia prestatzen ari dira maiatzerako.
Integrazioarekin lotutako esketxak antzeztuko dituzte, Ave Maria parkean. «Jendea inplikatzea, parte hartzea, Gure Esku Dagora hurbiltzea nahi dugu», azaldu du Miren Gojenola, zuzendariak. «Asmoa da ahalik eta jende gehienak parte hartzea; gurea dena, denena egitea». Eta horrexegatik, oraindik ere aukera dago izena emateko.
«Gure esku dagoena egin behar da, denok ahalik eta ondoen bizitzeko»
Antzerkia prestatzen hastean, galdera bat izan zuten buruan antzerki taldeko kideek: zein jende mota bizi da Hernanin?
Horrela, bost esketxeko antzezlana prestatzen hasi dira. «Gure esku dagoena egin behar da, denok ahalik eta ondoen bizitzeko, integraziorako». Batetik, 50eko hamarkadan, bereziki Extremaduratik etorritako jendeari buruzko eszena egingo dute. Era berean, egungo inmigranteek duten egoera antzeztuko dute. Bestetik, Andrekaleko emakumeen bizimodua ekarriko dute gogora. Eskola zaharra eta maisu autoritarioak irudikatuko dituzte, baita ere. Eta bukatzeko, gazteen inguruko bat egingo dute. «Bukaera baikorra izango du. Bidea pixka bat egina dago, baina gazteek segi behar dute».
Zuzeneko musika eta dantza
Gojenolak antzezle taldearen ardura dauka, baina gainontzeko taldeen lana ere azpimarratu du. «Javier Zubimendik bi testu idatzi ditu, Damian Pedrosak beste bat. Amherrekin ere lanean ari gara. Bestalde, Txaro Unzillak dantza taldea darama, eta zuzeneko musika ere izango da, Bitartean taldearen eskutik; baita proiekzioak ere».
Hala ere, jende gehiago beharko dutela dio: argiak jartzeko, arropak josteko, musika jotzeko... 647 008 976ra deitu besterik ez dago. «Eta publikoak ere parte hartzeko gogoa eduki beharko du. Dinamikoa izango da!».